Ekonomia -
Lan istripua
Langile bat hil da Gasteizen, hondeamakina batek harrapatuta
51 urteko behargina Baskonia eta Alaves taldeen futbol zelai berriak egiteko lanetan zendu da, makinak harrapatuta.
Agentziak | EITB Media
51 urteko langile bat hil da gaur Gasteizen, hondeamakina batek harrapatuta. Ezbeharra Baskonia eta Alaves taldeen futbol zelai berriak egiteko lanetan jazo da, 10:15 aldera, Ertzaintzak jakinarazi duenez.
Zendutako langileak Excavaciones Mendiola enpresarentzat egiten zuen behar. Argitu gabeko arrazoiak tarteko, hondeamakina batek bete-betean harrapatu du langilea, Bakh kirolgunean eraikitzen ari diren futbol zelai berrietarako lurzorua berdintzen ari zirela.
Istripuaren lekura Ertzaintzaren agenteak eta osasun zerbitzuak bertaratu dira, baina azken horiek langilearen heriotza baieztatu baino ezin izan dute egin.
CCOOk enpresei eta Administrazioari eskatu die "beharrezkoak diren neurri guztiak" har ditzatela "horrelako gertakariak berriro errepika ez daitezen", izan ere, "gizarte aurreratu batek ezin du, eta ez du onartu behar, egunero lantokira joateak bizitza arriskuan jartzea dakarrenik".
Baskonia-Alaves taldeak doluminak helarazi dizkie hildako langilearen familiari, lagunei eta lankideei.