Ekonomia -
LAGUNTZAK
Bizkaiko garraio publikoa otsailetik doakoa izango da 12 urtetik beherakoentzat
Bizkaiko Garraio Partzuergoak jakinarazi du, halaber, abonuen % 50eko deskontua mantenduko dela urteko lehen seihilekoan, eta uztailetik aurrera % 40koa izango dela bidaia anitzeko abonuetan eta % 50ekoa 26 urtetik beherakoentzat.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Bizkaiko Garraio Partzuergoaren Kontseilu Nagusiak lurraldeko hobariekin lotutako zenbait neurri onetsi ditu astearte honetan, eta horien artean 12 urtetik beherakoentzako garraio publikoaren doakotasuna nabarmentzen da. Neurria otsailaren lehen astean aktibatuko da eta Barik txartel pertsonalizatua beharko da.
Bizkaiko Garraio Partzuergoak jakinarazi duenez, erakundearen, Metro Bilbaoren, Bizkaibusen, Euskotrenen, Renferen eta Bilbobusen bulegoetan eskatu ahal izango da Barik txartel pertsonalizatua, eta adingabeak tutore batekin bertaratu beharko dira, NAN edo familia liburuarekin.
Horrez gain, Espainiako Gobernuak garraio publikoaren hobarien gainean abenduaren 23ko 9/2024 Errege Lege Dekretuan jasotako neurriak ere jorratu dira Bizkaiko Garraio Partzuergoaren Kontseilu Nagusian.
Horrela, 2024an zehar indarrean egon diren neurriak luzatuko dira 2025eko lehen seihilekoan, hau da, % 50eko hobariak emango dira abonuetan eta bidaia anitzeko titulu guztietan, eta 12 urtetik beherakoak doan bidaiatu ahalko dira.
Era berean, 2025eko uztailaren 1etik aurrera, indarrean sartuko dira %40ko deskontua abonuetan eta bidaia anitzeko tituluetan, %50eko deskontua 26 urtetik beherakoentzat, eta 12 urte bitartekoentzako doakotasuna.
Bizkaiko Garraio Partzuergoaren bileran aztertu den beste gaietako bat 2025eko ekitaldirako tarifa berrien egokitzapena izan da. Horrela, tarifa berriak otsailaren 20tik aurrera aplikatuko dira eta %3,4ko batez besteko igoera izango dute.
Zehazkiago, gehien erabiltzen den Creditrans txartelak batez beste %3ko igoera izango du, hau da, hiru zentimo gehiago; Gizatransek edo 65 urtetik gorakoentzako txartelak, berriz, bi zentimo egingo du gora.
Bizkaiko Garraio Partzuergoko tituluen tarifak 2022an igo ziren azken aldiz, eta ordutik 2024ko azarora, KPI %11,7 igo da. Azkenik, Bizkaiko Garraio Partzuergoaren 2025erako aurrekontuak onartu dira bileran.
Gaurtik aurrera, gainera, 12 urtez azpiko haurrek garraio publikoan doan bidaiatzeko aukera izango dute Araban. Gipuzkoan, berriz, Garraioaren Lurralde Agintaritzak (GGLA) abenduaren 26an egindako batzar orokorrean erabaki zuen % 50eko deskontuak ekainera arte mantentzea eta doakotasuna 6 urtetik 12 urtera zabaltzea.
GGLAk ohar batean azaldu duenez, neurria urtarrilaren amaieran edo otsailaren hasieran jarriko da indarrean. 12 urtetik beherako haurrek doakotasunaz baliatzeko, nahitaez, Mugi gazte txartela izan beharko dute; hau da, ez dute txartel berririk eskatu behar. Hasiera batean, balioztapen prozesua honakoa izango da: haurrak txartela gidariari erakutsiko dio, eta gidariak paperezko txartela emango dio, doan. Etorkizunean, autobusetako eta trenetako sistemak egokituko dituzte, doakotasuna balioztapen automatikoaren bidez aplikatu ahal izateko, beste kasuetan egiten den bezala.