Ekonomia -

Garraio publikoa

Renfek maiztasunak handitu ditu C3 linean (Bilbo-Urduña), Jaurlaritzak eskumena bere eginda

Trenak ordu erdirik behin izango dira Urduña eta Bizkaiko hiriburuaren artean, eta 15 minutuz behin Laudiorakoak. Gainera, lanegunetan zortzi geldialdi bakarrik egingo dituen zerbitzu berri bat izango da martxan, eta horrek bidaia denbora nabarmen jaitsiko du.

15 minuturo ibiliko dira trenak Bilbo eta Laudio artean, lanegunetan. Artxiboko argazkia: EFE
15 minuturo ibiliko dira trenak Bilbo eta Laudio artean, lanegunetan.
15 minuturo ibiliko dira trenak Bilbo eta Laudio artean, lanegunetan. Artxiboko argazkia: EFE

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gaurtik hasita, Renfek C3 linean (Bilbo eta Urduña lotzen dituena) maiztasuna zabalduko du aldiriko trenetan. Eusko Jaurlaritzak urte hasieran hartu zuen bere gain Renferen aldiriko trenen kudeaketa, eta gaur hasi dira aldaketak eta zerbitzuen berrantolaketa.

Araialdeko erabiltzaileek ordu erdiro izango dituzte trenak Urduña (Bizkaia) eta Bizkaiko hiriburuaren artean, eta Laudioren kasuan (Araba), 15 minutuan behin. Gainera, Civis izeneko 16 zerbitzu berri jarri dituzte martxan lanegunetan; zerbitzuok zortzi geldialdi baino ez dituzte egiten, eta hala, bidaia denbora baxuagoa da.

Asteburuetan ere (larunbat, igande eta jaiegunetan) zerbitzua indartuko dute, 55 tren barik, 76 eskainita.

Eusko Jaurlaritzako Mugikortasun Iraunkorreko Saila urtarrilaren 1ean hasi zen kudeatzen Euskal Autonomia Erkidegoari (EAE) transferitutako aldirietako trenen bost lineak. Susana Garcia Chuecak zuzentzen duen Sailarentzat 2025a "trantsizio-urtea" izango da, eta urte guztian "hobekuntzak" egingo ditu C3 linean ez ezik, Arabako eta Karrantza eta Aranguren arteko zerbitzuetan ere.

Dena dela, gainerako aldaketak udaberrian jarriko dituzte martxan. Arabako aldirietan, Miranda Ebro (Burgos) eta Altsasu (Nafarroa) arteko trenetan zerbitzu berri bat jarriko dute martxan. Horiek egunero eta asteburuetan zerbitzu berriak emango dituzte goizeko lehen orduan, eguerdian eta arratsaldeko azken orduan. Halaber, gaur egun Gasteizen amaitzen diren hainbat ibilbide luzatuko dituzte, orain arte Arabako Lautada zeharkatzen ez dutenak.

Bizkaian, Karrantzak zerbitzu berriak izango ditu Bilborekin lotzeko, Arangurenera doan tren-anezka baten bidez. Egunero bost zerbitzu izango ditu, bi noranzkoetan, eta ADIFek beharrezko elektrifikazio-obrak egiten dituenean jarriko da martxan.

Renfek 2027ko abendura arte du EAEko aldiriko trenak kudeatzeko kontratua; data horretan lizitaziora aterako da berriro zerbitzua.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilbo Bizkaia Araba Eusko Jaurlaritza Laudio Gizartea Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Urduña Renfe Garraio publikoa