Ekonomia -
LAN GATAZKA
Greba eguna dute astearte honetan Gipuzkoako ehungintza eta oinetakoen merkataritzan, merkealdiaren hasieran
Langileek Estatuko hitzarmena ez aplikatzea eskatzen dute. Izan ere, sektore horretako langileen baldintzak okertzea ekarriko luke, sindikatuen arabera. Astearte honetakoa hamaseigarren greba eguna da.
AGENTZIAK| EITB MEDIA
Gipuzkoako ehungintzaren eta oinetakoen merkataritzako sektoreko langileak beste greba-egun batera deituta daude astearte honetan, urtarrilak 7, merkealdia hastearekin batera. Estatuko hitzarmena ez aplikatzea eskatzen dute.
Hamaseigarren greba eguna dute grebalariak. Elkarretaratzea egingo dute 11:30ean Donostiako Garbera Merkataritza Gunearen aurrean, ELAk jakitera eman duenez.
2023ko uztailean egin zuten lehen greba eguna, ARTE patronalak bultzatuta, enpresa handiek Estatu mailako negoziaketa bultzatu zuten eta.
Hurrengo negoziazio-mahaia urtarrilaren 19an biltzea aurreikusita dago, eta egun horretan ELAk berriro eskatuko du Estatuko hitzarmen horretan "berariaz jasotzea hemen ez zaigula aplikatuko", sektoreko lan-baldintzak okertuko liratekeelako. Sindikatuko ordezkariek diote probintziako hitzarmenei eutsi ahal zaiela.