Ekonomia -
Lan-gatazka
Gipuzkoako arropa eta zapata dendetako langileek greba egin dute Estatuko hitzarmena ez aplikatzea eskatzeko
ELAk deitutako hamabosgarren greba egunean, eta Errege egunaren aurreko azken lanegunean, dozenaka langilek manifestazioa egin dute Donostiako erdialdean, eta kate handietako denda batzuen aurrean gelditu dira, besteak beste, "gaur ez da erosten" oihukatzeko.
EITB Media
Gipuzkoako arropa eta zapata dendetako langileek bat egin dute larunbat honetan ELAk deitutako hamabosgarren greba egunarekin, sektorerako negoziatzen ari diren estatu mailako hitzarmena beraiei ez aplikatzea eskatzeko. Sindikatuaren arabera, hitzarmen horrek okertu egingo lituzke gaur egun langileek dituzten baldintzak.
Errege egunaren aurreko azken lanegunean, dozenaka langilek manifestazioa egin dute Donostiako erdiguneko kaleetan, eta kate handietako denda batzuen aurrean gelditu dira, besteak beste, "gaur ez da erosten" oihukatzeko.
Amaia Pintado ELAren Gipuzkoako Merkataritza arduradunaren arabera, egun hauetan lantaldeak "indartuta" daude, eta zaila da beste greba egun batzuetako jarraipena lortzea, "baina grebaren jarraipena oso ona da, eta zenbait denda (enpresa multinazional ezagunenak) ixtea lortu dugu", nabarmendu du.
Pintadok azaldu duenez, Espainiako Estatuko hitzarmenaren aurrean "blindatzea" eskatzen dute, hau da, hitzarmen probintziala aplikatzen jarraitzea, hemeretzi greba egunen ostean "langileen borrokari esker" lortu zena.
"Estatuko hitzarmenaren edukiek prekarietatea ekarriko dute sektorera. Oraindik ezer sinatuta ez dagoen arren, badakigu akordio horiek okertu egiten dituztela hemen sinatu genituen lan-baldintzak. Lanaldi partzialeko aldizkako langile finkoez, igande eta jaiegunetan lana erregulatzeaz eta Gipuzkoan ezarritakoetatik oso behera leudeken eta KPItik bereizitako soldatez ari gara", azpimarratu du.
Sektoreko langileak "indartsu" daudela eta "greba deialdiekin aurrera" jarraituko dutela adierazi du.
ELA 2023ko uztailean hasi zen lanuzteak egiten, eta beste greba egun bat deitu du urtarrilaren 7rako, denda askotan beherapenak hasten diren egunerako.