Ekonomia -
Lan-gatazka
Avanza autobus konpainiako langileek greba egingo dute urtarrilaren 5etik 7ra bitartean
Debagoiena eta Donostia, eta Gipuzkoako hiriburua Gasteiz, Bilbo eta Loiuko aireportuarekin lotzen dituzten lineetan lanuzteak egingo dituzte igande honetatik astearte gauerdira bitartean.
EUSKADI IRRATIA | EITB MEDIA
Bilbo, Donostia, Gasteiz eta Arrasateko egoitzetan Avanza autobus konpainiako langileek urtarrilaren 5etik 7ra greba egitearen alde bozkatu dute. 162 horietatik 89k baiezkoa eman diote ELA, LAB eta Aurrera sindikatuek deitutako greba egunei. Igande honetan, Errege egunaren bezperan, 22:00etan hasi eta urtarrilaren 7ko 00:00ak arte egingo dute lanuztea.
Debagoiena eta Donostia, eta Gipuzkoako hiriburua Gasteiz, Bilbo eta Loiuko aireportuarekin lotzen dituzten lineetan izango dira lanuzteak.
Soldata igotzea, lanaldia murriztea eta autobus flota berritzea dira Avanzako enpresa batzordearen aldarrikapen nagusiak, eta bi urteko negoziazioen ostean egoerak onera egin gabe jarraitzen duela salatu dute. Cristobal Larrañaga ELAko ordezkariak Euskadi Irratiari egindako adierazpenetan baieztatu du zuzendaritzak ez duela sindikatuekin elkartu nahi.
Zuzendaritzak jarrera aldaketarik izan ezean, urtarrilaren 18an, 19an eta 20an ere greba egingo dutela iragarri dute.