Ekonomia -
Osasuna
Zenbat balio du Osakidetzan ospitaleratuta egoteak?
Gorputzetik kanpoko mintz bidezko jaioberrien oxigenazioa da zerbitzurik garestiena (183.878 euro). Bihotz edo biriketako transplanteek 146.195 euro balio dute, eta desfibriladore bat jartzeak 145.821 euro.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Batez beste, egun bakoitzeko, 1.339 euro kostua du Osakidetzan ospitaleratuta egoteak; eta 2.2025 eurokoa, ospitalizazioa unitate bereziren batean egiten bada.
Eskaintzen duen zerbitzu bakoitzak duen kostua argitaratu du Osakidetzak, 2025eko prezioak kontuan hartuta,
Hain zuzen ere, asegururen bat (ibilgailuarena, ikastetxekoa, kirol talde batekoa edo laneko mutualitatekoa) duten pertsonen ospitaleratzeagatik ordaindu beharreko prezioak dira Euskal Osasun Zerbitzuak ezagutzera eman dituenak, eta EBko herrialde gehienetako osasun sistemek ordaindu beharreko prezioak ere badira horiek.
Gorputzetik kanpoko mintz bidezko jaioberrien oxigenazioa da zerbitzurik garestiena (183.878 euro). Bihotz edo biriketako transplanteek 146.195 euro balio dute, eta desfibriladore bat jartzeak 145.821 euro.
Bypass koronario batek 23.247 eta 54.662 euro artean balio du, larritasun mailaren arabera; taupada markagailu bat jartzeak 15.044 eta 32.612 euro artean, eta giltzurrunetako transplante batek 30.764 eta 70.472 euro artean.
Iztondoko etenaren ebakuntzaren prezioa, berriz 4.910-31.034 euro artekoa da, eta aldakako protesi batena 10.567-27.288 euro artekoa.
Mediku kontsulten prezioak ere jaso dituzte zerrendan: 68 euro, aurrez aurreko hitzorduak; eta 34 euro, telefono bidezkoak. Erizaintzako sendaketek 29 euro balio dute, eta etxera sendagileek egindako bisitek 96 euro.
Anbulantzian egindako tokialdaketek 325 euroko prezioa dute, eta 1.025ekoa zainketa intentsiboak dituzten anbulantzien kasuan.
Bestalde, ferula edo igeltsua jartzeak 186 euroko kostua du, eta kolonoskopiek 641 eurokoa.