Ekonomia -

LANGABEZIA

Langabezia % 0,37 jaitsi zen 2024an EAEn, eta 1,22 igo Nafarroan, 2023arekin alderatuta

2023ko urte amaierarekin alderatuta, langabeen kopuruak behera egin du EAEn (399) eta gora, berriz, Nafarroan (367). EAEko afiliazioak marka historiko berri bat ezarri du (1.024.511 pertsona), eta Nafarroan iaz baino 4.587 pertsona gehiago daude Gizarte Segurantzan izena emanda, 310 336 guztira.

Industriako langile bat, artxiboko irudi batean. Argazkia: EFE
Industriako langile bat, artxiboko irudi batean
Industriako langile bat, artxiboko irudi batean. Argazkia: EFE

O. A. | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

2024. urtearen amaieran 107.380 langabe zeuden Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE), aurreko urteko epe berean baino 399 pertsona gutxiago (% 0,37), Espainiako Lan eta Ekonomia Sozialerako Ministerioak eta Eusko Jaurlaritzako Lan eta Enplegu Sailak gaur goizean zabaldutako datuen arabera. Nafarroan 30.355 pertsona zenbatu zituzten lanik gabe, eta iazko abenduarekin alderatuta, langabeziak % 1,22 egin du gora (367 pertsona gehiago).

EAEn azaroan baino 514 langabe gutxiago zeuden abenduan (% 0,48), eta, Nafarroan, berriz, 172 gehiago (% 0,57).

Gauzak horrela, bigarren hilabetez langabeziak behera egin du Euskal Autonomia Erkidegoan; aitzitik, Nafarroan seigarrenez jarraian igo egin da. 

A

A

Lurraldez lurraldeko datuei erreparatuta, 707 langabe gutxiago daude Araban (% 3,71), 1 gutxiago Gipuzkoan (% 0) eta 309 gehiago Bizkaian (% 0,51). Azken hilabetean Bizkaian eta Gipuzkoan langabeziak behera egin du, 445 (% 0,73) eta 103 (% 0,36) langabe gutxiagorekin. Araban, aldiz, 34 langabe gehiago zenbatu dituzte, % 0,19 gehiago.

Kontratazioari dagokionez, 57.504 kontratu berri sinatu ziren abenduan eta horietatik % 20 izan ziren mugagabeak (11.490 kontratu).

Espainiako Estatuan 2.560.718 langabe zeuden Espainiako Estatuan 2024. urtearen amaieran, 2007ko abendutik izandako kopururik txikiena. Azarotik abendura 25.300 pertsona gutxiago zenbatu dituzte, eta 2023ko abendutik 2024ko abendura, 146.738 pertsona gutxiago (% 5,42).

Afiliazioa

Gizarte Segurantzako afiliazioak marka historiko berri bat ezarri du Euskal Autonomia Erkidegoan, 1 024 511 pertsona baitaude izena emanda, Espainiako Gizarte Segurantza, Inklusio eta Migrazio Ministerioak ostiral honetan zabaldutako datuen arabera.

Azken urtean 11.563 afiliatu irabazi ditu Gizarte Segurantzak EAEn, % 1,14 gehiago.

Azaroarekin alderatuta, berriz, 1.613 afiliatu gehiago daude EAEn (% 0,16).

Bestalde, 4.301 afiliatu (% 1,45) irabazi ditu Nafarroako Gizarte Segurantzak, eta iaz hilabete berean baino 4.587 gehiago (% 1,50) dira. Gauzak horrela, guztira, 310.336 pertsona daude Gizarte Segurantzan izena emanda Nafarroan. 

Eusko Jaurlaritzaren eta Nafarroako Gobernuaren balorazioa

Maria Aranzazu Martinez Tobalina Eusko Jaurlaritzako Enplegu zuzendariaren arabera, EAEk datu onekin amaitu du urtea enplegu sortzeari eta afiliazioari dagokionez, abenduan Gizarte Segurantzan izena emanda daudenen kopurua inoizko altuena baita. Guztira, 107.380 pertsona daude Lanbiden izena emanda, eta 2008tik abenduan izandako kopururik txikiena da. Abenduan langabeziaren beheranzko joera hori mantendu egin da 2012tik.

Carmen Maeztu Nafarroako Gobernuko Gizarte Eskubideen kontseilaria langabezia eta afiliazio datuen balorazio gazi-gozoa egin du. Alde batetik, pasa den urtean inoizko afiliazio daturik onena lortu zela nabarmendu du, eta urtea iaz baino 4.600 langile gehiagorekin amaitu dela. Bestetik, onartu du langabezia datuak nahiko egonkor mantendu diren arren (30.000 langaberen bueltan), azken urtean langabeziak gora egin duela pixka bat.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Langabezia Nafarroa Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Lana Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Nafarroako Gobernua