Ekonomia -

Matrikulazioak

33.000 ibilgailu baino gehiago saldu dira Hego Euskal Herrian, ia % 6ko igoera EAEn eta % 2koa Nafarroan

EAEn 25.772 ibilgailu saldu ziren 2024an, eta 24.409 2023an. Bitartean, Foru Erkidegoan 7.321 ibilgailu saldu ziren, eta aurreko urtean, berriz, 7173. Espainiako Estatuan, matrikulazioak % 7,1 areagotu ziren iaz, eta 1.016.885 saldu ziren.

Bi pertsona auto saltoki baten aurrean. Argazkia: EFE
Bi pertsona auto saltoki baten aurrean. Argazkia: EFE
Bi pertsona auto saltoki baten aurrean. Argazkia: EFE

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

33.093 ibilgailu erosi ziren Hego Euskal Herrian 2024an, eta 2023an, berriz, 31.582, Anfac, Ganvam eta Faconauto sektoreko patronalek gaur zabaldutako datuen arabera.

Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) autoen matrikulazioa % 5,8 igo zen 2024an, 25.772 ibilgailu saldu baitziren, eta 2023an, berriz, 24.409. Gainera, elektrikoen, hibridoen edo hidrogenozko ibilgailuen matrikulazioak % 30 baino gehiago igo ziren, eta diesel motorrekin funtzionatzen dutenenak ia % 40 eta gasolinazkoenak % 15 inguru egin zuten behera.

Nafarroan, 7.321 ibilgailu saldu ziren 2024an, eta 7.173 2023an; hau da, Foru Erkidegoko matrikulazioak % 2,06 areagotu ziren. Dieselen salmenta ere % 22 jaitsi zen eta gasolinena ere % 15. elektrikoen, hibridoen edo hidrogenozkoen matrikulazioak, ostera, % 21 gehitu ziren.

EAEko autoen salmentaren goranzko joera 2023an hasi zen, % 11,2 igo baitzen, lau urtez jarraian behera egin ondoren.

Zifra txarrak 2019an hasi ziren, EAEko kontzesionarioek % 4,6 gutxiago saldu zutenean. Ondoren, 2020ko beherakada iritsi zen, pandemiak eragin handia izan zuen ekitaldia (-%3,4). 2021ean, beherakada % 18,3koa izan zen, eta 2022an, % 11,2koa.

2024. urte osoan, Euskadiko gasolina autoen salmentak % 15,7 jaitsi ziren, eta guztira 8.101 saldu ziren. Nafarroan, 2.390 erosi ziren.

Beherakada are handiagoa izan zen diesel turismoetan, ia % 40 jaitsi baitziren salmentak, zehazki, % 39,25. Mota horretako 1.597 ibilgailu baino ez ziren saldu EAEn, eta 2023an, berriz, 2.629. Era berean, Foru Erkidegoan, 604 bakarrik erosi ziren.

Aldiz, ibilgailu elektriko, hibrido edo hidrogenoen erosketek % 32 egin zuten gora 2024an, eta 16.074 matrikulazio izan ziren; 2023an, aldiz, 12.169 izan ziren. Nafarroan, motor mota horren 4.327 ibilgailu eskuratu zituzten erosleek.

Abenduari dagokionez, EAEn aurreko urteko aldi berean baino % 22,85 auto gehiago saldu ziren, 2.893 ibilgailu erosita. Nafarroan, hilabete berean, aurreko urteko aldi berean baino % 14,21 auto gehiago erosi ziren, 605 ibilgailu, hain zuzen ere.

Azkenik, Espainiako Estatuan, oro har, matrikulazioak % 7,1 igo ziren iaz, eta 1.016.885 saldu ziren; beraz, milioi bat salmenta baino gehiago izan ziren 2019tik lehen aldiz.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaia Gipuzkoa Nafarroa Araba Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Merkataritza Automobilgintza