Ekonomia -

Bilera Nafarroan

Eskirotzeko enpresa-batzordeak BSHren Alemaniako zuzendaritzarekin hitz egin nahi du

"BSH Eskirotz lantegiaren zuzendaritza shock egoeran dagoela ikusten dugu, nik uste dut gu baino shock handiagoan daudela", azaldu du Juanjo Hermoso de Mendoza Eskirotzeko enpresa-batzordearen presidenteak.

BSHko langileek elkarretaratzea egin dute Eskirotzeko lantegiaren aurrean. Irudia: EITB
BSHko langileek elkarretaratzea egin dute Eskirotzeko lantegiaren aurrean. Irudia: EITB
BSHko beharginek elkarretaratzea egin dute Eskirotzeko lantegiaren aurrean, lanpostuak mantentzea eskatzeko

0:43

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Juanjo Hermoso de Mendoza BSH Eskirotz lantegiko enpresa-batzordeko presidenteak gaur adierazi duenez, lantegiaren zuzendaritza "shock egoeran" dago itxieraren aurrean, eta Espainiako zuzendaritza ere ez da negoziatzeko ordezkaritza egokia.

Enpresa-batzordeko kideak Jose Fuste operazio zuzendaria buru zuen BSH Espainiako ordezkaritza batekin bildu dira gaur Eskirotzeko lantegian. Fabrikaren kanpoaldean, berriz, beharginek elkarretaratzea egin dute.

Hermoso de Mendozak komunikabideei adierazi dienez, batzar horretatik "zalantza askorekin" atera dira, izan ere, adierazi duenez, "BSH Eskirotz lantegiaren zuzendaritza shock egoeran dago, nik uste dut gu baino shock handiagoan daudela".

Normaltasuna salbuespenaren aurrean

Hitzordu horretan, enpresa-batzordeak datu zehatzak eskatu dizkio BSHren Espainiako zuzendaritzari, "kuantifikatu ahal izateko eta zertaz hitz egiten ari garen jakiteko, ekainaren 16an iragarritako erabakiaren aurrean konponbideak bilatzeko".

Gainera, urtarrilaren 7an ekoizpenaren hasiera kudeatzeko zer asmo duten azaltzeko eskatu diote lantegiaren zuzendaritzari, eta "normaltasunez egin behar dela" erantzun diete.

"Jakina, guk ez dugu ikusten normaltasun egoeran gaudenik, salbuespen egoeran baizik, eta enpresa-batzordeak eskatu die langileen aurrean aurpegia emateko eta urtearen hasiera nola kudeatuko den azaltzeko", nabarmendu du.

Beharginen batzarrak, urtarrilaren 7an edo 8an

Batzordearen presidenteak iragarri duenez, nolanahi ere, urtarrilaren 7an edo 8an, "zuzendaritzak egiten duenaren arabera", batzarrak egingo lituzkete "beharginen legezko ordezkaritzaren ikuspuntutik jarraibide batzuk markatzeko".

Gaurko bileratik "ondorio nahiko argia" atera dutela azpimarratu du, izan ere, BSH Espainia "ez da negoziatzeko bitartekari egokia berrindustrializazio egitasmo bat bilatzeko edo ixteko erabakia atzera botatzeko. Orduan, beste esparru batean bilatu beharko dugu, eta, jakina, Alemaniara jo beharko dugu".

Bilera Madrilen, urtarrilaren 10ean

Bilera hori urtarrilaren 10ean izango da, Madrilen, Lan Ministerioaren egoitzan, eta Maria Chivite presidentea eta Mikel Irujo eta Carmen Maeztu kontseilariak buru dituen Nafarroako Gobernuko ordezkaritza bat bertan izango litzateke. Hala ere, ez da baieztatu Alemaniako BSHren ordezkaririk egongo  denik.

Bilera hori egiten bada, enpresa-batzordeak bertan parte hartzea eskatzea aztertuko du.

"Hemen bizitzeaz ari gara, pertsonez hitz egiten ari gara, errealitateez ari gara, familiez", gogorarazi du Hermoso de Mendozak. "Harrigarria iruditzen zaigu, baita ere, hainbeste egunen ondoren inor ez ausartu izana, nahiz eta Gabonetan egon, gurekin biltzera eta balizko itxieraren inguruan informazio gehiago ematera".

Hermoso de Mendozaren ahotan, Eskirotzeko lantegia ixteko erabakiak "eragin izugarria du Nafarroako industrian eta ekonomian, Iruñako eta Nafarroako sare industrial, ekonomiko eta sozialean eragin ditzakeen ondorioak direla eta".

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nafarroa Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Sindikatuak Enpresaburuak Lan gatazkak