Ekonomia -
etxebizitza
Alokairuen prezioa gehienez % 2,20 igo ahalko da, erreferentziazko indize berriaren arabera
Espainiako Estatistika Institutuak gaur kaleratu du, lehen aldiz, indizea, eta aurrerantzean, hilero eguneratuko du. Neurria Etxebizitza Legea indarrean sartu ostean (2023ko maiatza) izenpetutako kontratuei eragingo die, eta "gehiegizko igoerak" saihestea du helburu.
Agentziak | EITB Media
2025etik aurrera eguneratzen diren alokairuak % 2,20 garestitu ahalko dira gehienez ere, Espainiako Estatistika Institutuak (INE, gazteleraz) gaur lehen aldiz kaleratu duen erreferentziazko indize berriaren arabera. Neurria Etxebizitza Legea indarrean sartu ostean (2023ko maiatzaren 25a) izenpetutako kontratuei eragingo die, eta "gehiegizko igoerak" saihestea du helburu.
Aurrerantzean ere INEri egokituko zaio alokairuak gehienez zenbat garestitu daitezkeen zehaztea, eta indizea hilero kalkulatuko du KPIren aldakuntza tasak kontuan hartuta (urteko KPIrena, azpiko inflazioarena eta bien arteko batez bestekoa aintzat hartuta). 2025eko urtarrilari dagokion indizea 2024ko azaroko datuak baliatuta kalkulatu du INEk.
Gogora ekarri behar da erreferentziazko indize berri hori Etxebizitza legepean sinatutako kontratuei eragingo diela bakarrik, hau da, 2023ko maiatzaren 25etik aurrera sinatutako horiei. Aurretik izenpetutakoetan, balizko igoera KPIren arabera kalkulatuko da.
Hori horrela, etxebizitzaren jabeak igoera aplikatu nahi izanez gero, % 2,20ko tasa hori izango du muga. Ohi bezala, prezio aldaketak idatziz eta kontratuan jasotako epe eta baldintzak beteta jakinarazi beharko dizkio maizterrari.
Espainiako Gobernuak hainbat urtez ezarri du muga
Etxebizitza Legea onartu aurretik, alokairuen prezioaren balizko igoerak KPIren arabera kalkulatzen ziren. Ukrainako gerra zela eta inflazioa asko igotzen hasi zela ikusita, 2022ko apirilean alokairuen igoerei muga ezartzea ebatzi zuen Espainiako Gobernuak: % 2koa finkatu zuen orduan; 2024an, % 3koa izan da muga.
Aurrerantzean, bada, indize berri horren arabera eguneratu beharko da balizko igoera.