Ekonomia -

Prezioak

Prezioak 2025ean: hipotekak jaitsiko dira, baina elikagaiek, energiak eta telekomunikazioek gora egingo dute

Urtea hastearekin batera, zerbitzu eta produktu guztien tarifak eguneratuko dira. Elektrizitatea eta gas naturala dira gehien igoko direnak, eta hipotekak dira jaitsiko diren bakarrak. Pentsioak % 2,8 altuagoak izango dira, baina gutxieneko soldatak izoztuta hasiko du urtea.

Prezioak: Hipotekak jaitsiko dira, baina elikagaiek, energiak eta telekomunikazioek gora egingo dute
Prezioak: Hipotekak jaitsiko dira, baina elikagaiek, energiak eta telekomunikazioek gora egingo dute
Prezioak: Hipotekak jaitsiko dira, baina elikagaiek, energiak eta telekomunikazioek gora egingo dute

A. Aramendi Elduaien | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

2025 urtea hastearekin batera, kontsumitzaileek dituzten ohiko gastu gehienak igo dira: alde batetik, elikadura eta elektrizitatea, BEZaren beherapena bertan behera geldituko delako; bestetik, baita gas naturalaren eta telekomunikazio konpainia nagusien tarifak ere igo egin dira. Hipotekak dira beheranzko bidean dauden gastu bakarrenetakoa.

Elikagaien prezioek gora egin dute gaurtik aurrera. Alde batetik, izan ere, oliba-olioaren, ogiaren, esnearen, arrautzen, gaztaren, frutaren, barazkien, lekaleen eta zerealen BEZa % 2tik % 4ra igo da. Bestetik, pastaren eta hazietatik eratorritako olioen kasuan, tasa % 7,5etik % 10era igaro da. Izan ere, urtea hastearekin batera, Ukrainako gerrak eragindako prezioen krisia arintzeko ezarri zen BEZaren beherapena bertan behera gelditu da eta zergak bere ohiko maila berreskuratu du.

Elektrizitatearen fakturaren igoerak ere izango du eragina kontsumitzaileen poltsikoetan. Kasu honetan, BEZa % 21era itzuli da, krisi garaian egindako beherapenen ondoren. Hala ere, kontsumitzaile kalteberenei ur, argi eta gas hornidurak eteteko debekuari eutsiko zaio. Argindarraren fakturaren zati finkoan, Gobernuak erabakitzen dituen karguak % 39 igoko dira 2024rekin alderatuta. Bidesariak, aldiz, Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionalak (MLBN) finkatzen duen ordainagiriaren beste zati arautua, batez beste % 4,4 jaitsiko da.

Gas naturalaren fakturari dagokionean, banakako azken baliabideko tarifak (TUR) % 10 egin du gora joan den urriaren 1ean ezarritako prezioarekin alderatuta. Auzo-komunitateentzako tarifa, berriz, % 13,5 eta % 18,3 artean garestitu da.

Telekomunikazioen eta telefoniaren sektoreko hiru operadore nagusiek ere prezioak jasoko dituzte. Movistarrek % 5 inguru jasoko ditu tarifak urtarrilaren 13tik aurrera. Vodafone eta Orangen kasuan igoera % 3 ingurukoa izango da. Vodafonek gaurtik aplikatuko ditu tarifa berriak; Orangek, berriz, urtarrilaren 27tik aurrera.

Familiek nabarituko duten beste gastu bat udal-zergena izango da, batez ere hondakinen bilketarena. Gastu hori nabarmen garestituko da 2025ean udalerri eta mankomunitate askotan, Europar Batasunaren eta Espainiako Gobernuaren araudien ondorioz. Hala, Gasteizen tasa hori % 100 igoko da, % 26,54 Donostian, % 5 Bilbon eta % 4 Iruñeko mankomunitatean.

Gainerako udal-tarifei eta -zergei dagokienez ere, gehienak igo egingo dira, baina ez da berdin jokatuko hiriburu guztietan. Gasteizen, batez beste, % 4ko igoera izango da, eta Donostian, % 3,9koa. Bilbon, ondasun ukaezinen gaineko zerga (OHZ) batez beste % 2 inguru igoko da, eta jarduera ekonomikoen gaineko zerga (JEZ), berriz, % 5. Azkenik, Iruñean igoerarik handiena kontribuzio-zergarena izango da (% 30ekoa). Horren arrazoia da, 25 urteren ondoren, higiezinen katastro-balioa eguneratu egin dela.

Etxebizitza: erosketa, alokairua eta hipotekak

Etxebizitzaren prezioa ere etengabe igotzen ari da. Tinsa tasazio-sozietateak argitaratutako datuen arabera, Euskadiko etxebizitza berri eta erabiliaren batez besteko prezioa 2024ko laugarren hiruhilekoan aurreko urteko aldi berean baino % 2,6 garestiagoa da; zehazki, 2.400 eurotan dago metro koadroa. Gipuzkoa da lurralderik garestiena (2.564 €/ m2) eta haren atzetik datoz Bizkaia (2.453 €/ m2) eta Araba (2.088 €/ m2).

Kontrara, 2025ean murriztu daitekeen gastu bakarra hipotekena da. 12 hilabeterako Euriborraren jaitsierak arnasa eman die familia askori eta abenduan % 2,4aren bueltan kokatu da, 2022ko irailetik izan duen mailarik baxuenean. Era berean, adituek aurreratu dute Europako Banku Zentralak interes-tasak murrizten jarraituko duela 2025ean, eta, beraz, hipotekak kalkulatzeko indize nagusiak beheranzko bidean jarrai dezake.

Bestalde, alokairuak ere garestitu egingo dira, baina Etxebizitzaren Legea 2023ko maiatzaren 25ean indarrean sartu zenetik sinatutako kontratuek Estatistikako Institutu Nazionalak (INE) sortutako indize berria erabili beharko dute eguneratzeko. Indize hori ostegun honetan, urtarrilaren 2an, argitaratuko da. Aurretik sinatutako kontratuek KPIaren edo Lehiakortasuna Bermatzeko Indizearen igoera aplikatu ahal izango dute.

Garraio publikoari dagokionez, Eusko Legebiltzarrak 2025ean % 20ko deskontua mantentzearen alde egin du. Horri gehitu behar zaizkio Garraio Ministerioak ekainaren 30era arte luzatu dituen % 30eko deskontuak, eta Renfek aldirietarako eta distantzia ertain konbentzionalerako doako abonuak.

Pentsioak eta soldatak

Gastu horiei guztiei aurre egiteko, pentsiodunek batez besteko % 2,8ko igoera izango dute; alegia, 2023ko abendutik 2024ko azarora bitarteko batez besteko inflazioaren araberako igoera aplikatuko zaie eta, batez beste 600 euro gehiago jasoko dituzte. Gutxieneko pentsioak % 6 igo dira, eta igoera hori % 9,1era iritsiko da ezkontidea ardurapean duten pentsiodunen eta familia-kargak dituzten alargunen kasuan. Kotizazio gabeko pentsioak eta bizitzeko gutxieneko diru-sarrera % 9 handitu dira; beraz, bermatutako urteko errenta 7.910 eurokoa izango da.

Hala ere, lanbide arteko gutxieneko soldatak eta Estatuko funtzionario eta enplegatu publikoen ordainsariek izoztuta hasi dute urte berria. Lanbide arteko gutxieneko soldata 15.876 euro gordinekoa da gaur gaurkoz, 1.134 euroko 14 ordainsaritan banatuta. Lan Ministerioak izendatutako adituek egiten duten gomendioaren arabera igoko da 2025. urtean.

Estatuko administrazioetako langile publikoen soldatak ere bere horretan geldituko dira Eraldaketa Digitaleko eta Funtzio Publikoko Ministerioaren eta sindikatuak akordio berri batera iritsi arte. Hala ere, urtarrilean % 0,5eko igoera onartuko da 2024ko KPI konpentsatzeko eta 2024ko urtarriletik atzera eraginkortasuna izango du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilboko Udala Gasteizko Udala Donostiako Udala Bilbo Donostia Iruñea Hipotekak Telefonia mugikorra KPI Ekonomia Eguneko albisteak Gasteiz Albisteak Pentsioak Iruñeko Udala Elektrizitatea Soldatak Etxebizitza Gas naturala