Ekonomia -
Pentsioak
Erretiroa hartzeko adina 66 urte eta 8 hilera igo da 2025ean Hego Euskal Herrian
Urtarrilaren 1etik aurrera, erretiroa 65 urterekin hartu nahi dutenek 38 urte eta 3 hilez kotizatu dutela frogatu beharko dute. Ipar Euskal Herrian, erretiratzeko adinaren atzerapen progresiboak 1963an jaiotakoei eragingo die: 62 urte eta 9 hilabete izan beharko dituzte.
EITB Media
2025etik aurrera, pentsioaren % 100a jaso nahi duten langileek 66 urte eta 8 hilabete izan beharko dituzte, eta, erretiroa 65 urterekin hartu nahi izatera, Gizarte Segurantzan 38 urte eta 3 hilabetez kotizatu dutela egiaztatu beharko dute.
2011n Jose Luis Rodriguez Zapateroren Gobernuak patronalarekin eta sindikatuekin hitzartu zuen pentsio sistemaren erreformaren arabera, erretiroa hartzeko ohiko adina 65 urtetik 67 urtera igoko da, nahiz eta kotizazio luzeagoa egin dutenek 65 urterekin erretiratzeko aukerari eutsi zioten.
Erreforma horrek mailaka zehaztu zuen, 2013tik 2027ra, erretiro adina igotzeko aldia. Progresio horren arabera, honela joango dira datozen urteak:
2025: 66 urte eta 8 hilabete (edo 38 urte eta 3 hileko kotizazioa, erretiroa 65 urterekin hartzeko)
2026: 66 urte eta 10 hilabete (edo 38 urte eta 3 hileko kotizazioa)
2027: 67 urte (edo 38 urte eta 6 hileko kotizazioa)
Horrez gain, 2013tik 2022ra, 15 urtetik 25 urtera igo dute pentsioaren zenbatekoa kalkulatzeko aldia; duela bi urtetik, beraz, azken 25 urteetako kotizazioa hartzen da kontuan.
Egungo koalizio gobernuak 2023an bultzatu zuen pentsioen erreformak, baina, aldaketa bat sartu zuen kontaketa horretan, 2026rako. Ordutik aurrera, bi aukera izango dira pentsio kalkulatzeko, eta pentsiodunarentzat onuragarriena dena hartuko da aintzat: laneko azken 29 urteak, 24 hilabete txarrenak bazter utzita, edo egungo zenbaketa (azken 25 urteak).
Ipar Euskal Herria
Ipar Euskal Herrian, 1963an jaiotakoen erretiro adina luzatuko da 2025ean; 1961eko irailaren 1etik 1967ko abenduaren 31ra arte jaiotakoetan, hiru hileko atzerapen progresiboa izango da belaunaldiz belaunaldi.
Macronen Gobernuaren pentsioen erreforma liskartsuaren ondoren, 1963an jaiotakoek 62 urte eta 9 hil betetakoan hartu ahalko dute erretiroa, eta hiru hileka luzatzen joango da adin hori, belaunaldiz belaunaldi, 1968an edo geroago jaiotakoek erretreta 64 urterekin hartu ahal izan arte.
Frantziako Estatuan pentsioa osorik jasotzeko, hiruhileko kopuru jakin bat izan beharko da kotizatuta, jaiotza dataren araberakoa. 67 urtetik aurrera, pentsioa osorik kobratzen da, kotizazioa dena delakoa ere.