Ekonomia -
Lana
2025erako lan erregulazio espediente berria adostu dute Arcelor Mittaleko zuzendaritzak eta sindikatuek
Instalazioak geldituz gero aplikatuko da espedientea. AMDS Processing-eko langileen % 40ri, Etxebarriko plantakoen % 40ri eta Lesakako lantegikoen % 35i eragingo die, besteak beste.
Agentziak | EITB Media
Arcelor Mittal konpainiako zuzendaritzak eta sindikatuek Aldi Baterako Enplegu Erregulazioko Espediente (ABEE) berria aplikatzeko akordioa lortu dute astelehen honetan. CCOO eta UGT sindikatuek kaleratutako oharretan, arrazoi ekonomiko eta teknikoez gainera, antolaketakoak eta ekoizpenekoak ere aipatu dituzte.
Aldi baterako lan-erregulazioa instalazioen geldialdi kasuan bakarrik aplikatuko da, urtebeterako planteatzen da eta 6.600 langile ingururi eragingo die guztira.
Besteak beste, planta bakoitzeko langileen arteko zenbati eragingo dien ezarri dute. Zenbaki altuenak Hego Euskal Herrikoak dira: Legasan (Nafarroa) eta Agurainen (Araba) egoitzak dituen Arcelor Mittal AMDS Processingeko langileen % 40ri ezarriko litzaieke, Etxebarriko plantako % 40ri, Lesakako lantegiko % 35i, Asturiaseko % 15i, Saguntoko (Valentzia) lantegiko % 15i eta Arcellor Mittal Distributioneko % 20ri.
Sindikatuen arabera, hainbat arrazoi eman ditu zuzendaritzak aldi baterako lan-erregulazio hau planteatzeko: sektore siderurgikoan eta banaketan eskariak behera egin izana eta energiaren, CO2 isurketen eta lehengaien kostuen igoera.
Tokian tokiko lan agintaritzak espedientea aplikatzea onartuko balu ezarriko diren gizarte-laguntzako neurriak, aplikazioa eta ehunekoak adostu dituzte akordioan. Honela bada, espedientea 2025eko abenduaren 31ra arte egongo da indarrean, eta soldata-osagarriaren % 90 planteatzen du, aparteko ordainsariei eta oporrei eragin gabe.