Ekonomia -
Turismoa
EAEko landetxeek % 72ko okupazioa izango dute Gabon zahar gauean
Betetze mailak gora egingo du Gabon gauarekin alderatuta, Nekaturrek zabaldutako datuen arabera, baina iazko gau berarekin alderatuta % 12 jaitsiko da. Arabako ostatuak dira egun horietan gehien betetzen direnak.
EITB Media
Eguberri garaiko jai egunetan familia osoa elkartu ahal izateko landetxe batera joatea aukeratzen dute senitarte askok. Aurtengo Urtezahar gauari begira, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako landa-ostatuek % 72,15eko okupazioa izatea aurreikusi da, Nekatur elkarteak astelehen honetan argitaratutako datuen arabera. Iazko gau berarekin alderatuta, % 12 jaitsiko da.
Betetze mailarik handiena Araban izango da (% 85,96). Gipuzkoan % 69,85koa izango da eta hirugarren postuan daude Bizkaiko landa-ostatuak (% 63,96).
Pasa berri den Gabon gaueko datuak kontuan hartuta, erreserbak igo egin dira Araban eta Gipuzkoan, aurreko astean % 71,43 eta % 67,83an egon baitziren, hurrenez hurren. Bizkaian, ordea, datua zertxobait jaitsi da, abenduaren 24ko % 64,72tik abenduaren 31ko % 63,96ra.
Errege Magoen jaiari dagokionez, landeetxetako erreserbak % 25,90 inguruan daude. Urtarrilaren 3an eta 4an, ostirala eta larunbata, okupazioa handiagoa izango da urtarrilaren 5en, igandean, baino. Hala ere, Errege Bezperako gauean % 21,5ean egongo da.
Kasu horretan ere, Araban betetzen dira gehien landetxeak.
Jasotako erreserba-eskaeren arabera, landa-ostatuetako bezero gehienek bikotekidearekin bidaiatzen dute (% 45). Zerrendan bigarren postuan daude familian edo 3-5 laguneko talde txikietan ostatu hartzen duten bezeroak (% 28). Halaber, garai honetan ugaritu egiten dira talde handien erreserbak ere eta % 20 inguru izaten dira.
Bezero gehienak Kataluniatik datoz (% 19,31). Bigarren ugarienak EAEko biztanleak izan ohi dira (% 18,21). Ondoren, Madriletik (% 13,59) eta Frantziatik datozenak (% 9,49).