Ekonomia -

AURREKONTUAK

Bilbok 719 milioi euroko aurrekontua onartu du 2025erako, EAJren eta PSE-EEren botoekin

Kontuak onartzeko osoko bilkuran ez du parte hartu Juan Mari Aburto alkateak, Basurtuko ospitalera eraman behar izan baitute gripeak jota sukarra zuelako.

Bilboko Udala. Argazkia: Juantxu Aberasturi.
Bilboko Udala
Bilboko Udala. Argazkia: Juantxu Aberasturi.

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bilboko Udalak 2025erako aurrekontuak onartu ditu, EAJ eta PSE-EE udal gobernuko bi kideen aldeko boto bakarrarekin, eta oposizioko hiru taldeen (EH Bildu, PP eta Elkarrekin) ezezkoarekin.

Bilbok 719 milioi euroko aurrekontua izango du datorren urterako, egungoa baino % 2,6 gehiago (18 milioi gehiago), eta bere partida nagusiak zerbitzu publikoak (336 milioi, 2024an baino 5 milioi gehiago), langileen gastuak (196,3, 4 milioi gehiago) eta inbertsioak (122 milioi, 2024koaren antzekoa) ematera bideratuko dira.

Oposizioaren 16 zuzenketa onartu dituzte, milioi bat euro pasatxoko balioarekin; besteak beste, etxebizitza hutsei kanon bat aztertzea, indarkeria matxistaren aurkako laguntza gehiago ezartzea eta Udaltzaingoa dronez hornitzea dira neurriok.

Udal gobernuaren negoziazio falta kritikatu du oposizioak osoko bilkuran. EAJk eta PSE-EEk 2013tik gastu arrunta kudeatzearen eta murriztearen alde egin dute. Gainera, ELA sindikatuak kontuen aurka aurkeztutako erreklamazio bat atzera bota dute.

Arloka, aurrekontu handiena dutenak Herri Lan eta Zerbitzuak (160 milioi), Mugikortasuna eta Iraunkortasuna (83,4), Ogasuna (57), Kultura eta Gobernantza (55,4) eta Gizarte Ekintza (49) dira.

5 milioi eurotik gorako aurrekontua duten beste sailak hauek dira: Garapen Ekonomikoa, Merkataritza, Turismoa eta Enplegua (27), Gazteria eta Kirola (20), Obrak eta Zerbitzuak (14), Segurtasuna (8,8), Hezkuntza (8,7), eta Hiri Plangintza, Proiektu Estrategikoak eta Espazio Publikoa (8,5).

Bilboko Udalbatza.

Bilboko Udalbatza.

Aburto ospitalera eraman dute

Juan Mari Aburto Bilboko alkateak ezin izan du parte hartu ostiral honetan 2025eko aurrekontuak onartu dituen ezohiko osoko bilkuran; izan ere, anbulantzian eraman behar izan dute, gripeak eragindako sukarra dela eta.

Udaleko iturrien arabera, alkatea etxean da jada.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilboko Udala EAJ-PNV Bilbo Ekonomia PSE-EE Eguneko albisteak Albisteak