Ekonomia -
FISKALITATEA
Gipuzkoako Aldundiak ere onartu du zerga-erreformaren foru arauaren proiektua
Urtarrilaren 7an Batzar Nagusietara igorriko da proiektua, taldeek eztabaidatu eta bozkatu dezaten. Eider Mendoza Gipuzkoako diputatu nagusiak "adostasun batera iristeko heldutasuna eta borondatea" eskatu die oposizioko taldeei.
EITB MEDIA
Gipuzkoako Foru Aldundiak zerga-erreformaren foru arauaren proiektua onartu du gaur goizean, ezohiko Gobernu Kontseiluan. "Proiektu sendoa, gure ekonomia eta gizartea babesten lagundu nahi duena eta, aldi berean, lurraldearen erronkei erantzuteko beharrezkoa den segurtasun juridikoa eta epe luzerako egonkortasuna ematen duena". Hala definitu du Itziar Agirre Ogasun eta Finantzetako diputatuak.
Gipuzkoakoa izan da proiektua onartu duen azken foru erakundea; Arabakoak joan den astelehenean eman zion argi berdea, eta Bizkaikoak, atzo. Orain, beste lurraldeetan bezala, Gipuzkoan ere, Batzar Nagusietara igorriko da proiektua (urtarrilaren 7an), taldeek eztabaidatu eta bozkatu dezaten. Jeltzaleek eta sozialistek ez dute gehiengorik ganbera gipuzkoarrean eta beste talderen baten babesa beharko dute, zerga berrikuspenak aurrera egiteko. EAJk eta PSE-EEk urriaren amaieran itxi zuten akordioa, zerga sistema erreformatzeko.
Ohar batean, Gipuzkoako Aldundiak azaldu du "gainerako lurralde historikoekin harmonizatuta landu" den proiektua dela. "Zerga erreformak jorratzen dituen neurrien helburua zerga sistemaren progresibotasunean aurrera egitea da, eta, aldi berean, 2024ko lehen seihilekoan Gipuzkoako Batzar Nagusietan egindako zerga erreformaren ponentziaren barruan identifikatutako erronkei fiskalitatetik erantzuten laguntzea", erantsi du.
Etxebizitza, demografia, zaintza-eredu berria, berrikuntza, genero berdintasuna edota energia berdea dira proiektuaren ardatzetako batzuk. Besteak beste, errenta aitorpena aurkezteko gutxieneko soldata 19.000 eurora igo nahi da, eta etxebizitza erosteagatiko edo alokatzeagatiko kenkari berriak onartu asmo dira. Halaber, emakumearen diskriminazio positiboaren aldeko apustua ere duela dio Aldundiak, kenkarien eta murrizpenen portzentaje jakin batzuk handituz.
Hedabideen aurrean egindako adierazpenetan, Eider Mendoza Gipuzkoako diputatu nagusiak "adostasun batera iristeko heldutasuna eta borondatea" eskatu die oposizioko taldeei, eta hori hala izango dela "konfiantza" baduela ere esan du. Bere hitzetan, 2025eko lehen hiruhilekoan Batzar Bagusiek proiektua ontzat ematea aurreikusten dute.
Era berean, Mendozak nabarmendu du lurralde bakoitzak bere berezitasunak dituela, eta tokian tokian egokitutako erreforma dela. "Harmonizazioa bai, uniformizazioa ez", zehaztu du.
Bestalde, gaurko Gobernu Kontseiluan premiazko dekretu bat ere onartu du, talde multinazional handien gutxieneko tributazioa bermatzeko. Foru arau honen bidez, mozkinen gaineko % 15eko gutxieneko zerga-ordainketa ezarriko da, Europako Kontseiluaren zuzentarau bat jarraituz.