Ekonomia -
FISKALITATEA
Bizkaiko Aldundiak bere zerga sistemaren erreforma 2025eko hasieran onartuta izatea aurreikusten du
Araudi berriak jasotzen dituen berrikuntzen artean dago etxebizitza erosteagatiko edo alokatzeagatiko kenkaria kentzea, zergadunaren errenta 85.000 eurotik gorakoa denean. Orain etxebizitzagatiko kenkaria unibertsala da, eta kenkariaren onuradun izan daitezke zergadun guztiak, errenta-mugarik gabe.
EITB MEDIA
Arabako Foru Aldundiko Gobernu Kontseiluak zerga sistemaren berrikupenerako neurriak jasotzen dituen foru arauaren proiketua onartu du gaur, eta, ezustekorik ezean, 2025eko lehen hiruhilekoan araudi berria onartuta egotea aurreikusten da. EAJk eta PSE-EEk urriaren amaieran itxi zuten akordioa, zerga sistema erreformatzeko; Bizkaian bi alderdiok gehiengoa dutenez, arazorik gabe egingo du aurrera. Gipuzkoan eta Araban, ordea, beste alderdiekin adostasunak bilatu beharko dituzte, eta ikusteko dago zer gertatuko den eta zenbaterainoko eragina izango duen onartu nahi den araudian.
Behin Gobernu Kontseiluak ontzat emanda, proiektua Batzar Nagusietara igorriko da, taldeek eztabaidatu eta onartu dezaten. Aldundiak gaur nabarmendu duenez, "erreformak gizarteak dituen erronka nagusiei erantzuteko balioko du". "Pertsonen premietara bideratuta daude neurriak eta bete nahi erronkei lotuta", erantsi dute, erabakiaren berri emateko zabaldutako oharrean.
Arabako Foru Gobernuak joan den astelehenean onartu zuen zerga berrikuspenerako proiektua, eta Gipuzkoakoak bihar egingo du gauza bera. Lurraldeotan ere, ondoren batzar nagusiek emango beharko dute ontzat.
Neurriak
Araudi berriak jasotzen dituen berrikuntzen artean dago etxebizitza erosteagatiko edo alokatzeagatiko kenkaria kentzea, zergadunaren errenta 85.000 eurotik gorakoa denean. Orain etxebizitzagatiko kenkaria unibertsala da, eta kenkariaren onuradun izan daitezke zergadun guztiak, errenta-mugarik gabe.
Aldundiak dio emakumearen "diskriminazio positiboaren aldeko apustua" egiten duela ezarri nahi duten zerga sistema berriak, kenkari berrien bidez. "Hiru urtetik beherako adingabeak zaindu ondoren lan-merkatura itzultzeagatiko kenkaria (eszedentzia/lanaldi-murrizketa), 1.200 eurokoa emakumeentzat eta 1.500 eurokoa gizonentzat". Horrez gain, kenkariak jasotzen dira sozietateen gaineko zergan, "legez ezarritakoren gainetik bizitza pertsonala, familia eta lana bateragarri egiteko neurri berriak ezartzen dituzten enpresentzat".
Trantsizio berdearen inguruan, berriz, % 5eko edo % 10eko kenkariak proposatzen dira zero emisioko ibilgailu berriak erosteagatik, eta % 15ekoak ibilgailu elektrikoak kargatzeko puntuak ezartzeagatik. Halaber, kenkari berriak ezarri asmo dira etxebizitzen efizientzia energetikoa hobetzeko obrengatik.