Ekonomia -
Garraio publikoa
Nafarroako Gobernuak 2025eko ekainaren 30era arte luzatuko ditu garraio publikorako laguntzak
Orain arte aplikatu izan den bezala, Espainiako Gobernuak bidaia-txartelaren kostuaren % 30 hartuko du bere gain, eta Nafarroakoak, gainerako % 20a, % 50eko deskontuak mantentzeko.
Agentziak | EITB MEDIA
Nafarroako Gobernuak iragarri du hiriko eta hiriarteko garraio publikorako laguntzak beste sei hilabetez luzatuko dituela, 2025eko ekainaren 30era arte.
Luzapen horri esker, abonu eta titulu anitzetan % 50eko deskontuak mantenduko dira, foru gobernuak ohar baten bidez jakinarazi duenez.
Nafarroan, aurreko legealdian berritutako hiriarteko garraio publikoaren emakidek % 12,2ko batez besteko hazkundea izan dute erabiltzaile kopuruan 2024an. Zehazki, Iruñea-Soria lineak % 8,15eko igoera izan du erabiltzaile-kopuruan; Iruñea-Tafallak, % 11,3koa; Iruñea-Tuterak, % 18,8koa; eta Iruñea-Gasteizek, % 10,4koa, denak 2023 urtearekiko alderatuta.
Orain arte aplikatu izan den bezala, Espainiako Gobernuak txartelaren kostuaren % 30 hartuko du bere gain, eta Nafarroako Gobernuak, gainerako % 20a, % 50eko deskontuak mantentzeko.
2025eko bigarren seihilekotik aurrera, Garraio eta Mugikortasun Jasangarriaren Ministerioak neurri gehigarriak ezartzea aurreikusten du, garraio publikoaren erabilera sendotzeko eta jasangarritasuna eta ibilgailu pribatuaren erabilera murrizteko.