Ekonomia -

Greba

Bizkaiko eta Gipuzkoako ehungintzaren sektorea kalera atera da berriz, Estatuko hitzarmena aplikatzearen aurka

ELAk deitu du lanuztea, eta lortutako lan-baldintzak eta probintziako negoziazioa "jokoan" daudela salatu du.

Bigarren greba-eguna izan da gaurkoa. Argazkia: ELA
Bigarren greba-eguna izan da gaurkoa. Argazkia: ELA
Bigarren greba-eguna izan da gaurkoa. Argazkia: ELA

agentziak | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gipuzkoako eta Bizkaiko ehungintzako eta oinetakoen merkataritzaren sektoreko langileek bigarren greba-eguna egin dute astearte honetan, ELAk deituta. Mobilizazioetan, "Euskal Herria Estatuko hitzarmenaren lurralde eta funtzio eremutik kanpo gera dadin" eskatu dute.

Sindikatuak Euskal Autonomia Erkidegoan eta Nafarroan egungo hitzarmen probintzialak aplikatzen jarraitzea eskatzen du, eta ez Estatuko lehen hitzarmena. Izan ere, azaldu duenez, 2023ko uztailetik Arte patronala sustatzen ari da hori, eta ehungintzaren sektoreko marka handiek osatzen dute.

ELAk ohartarazi duenez, Estatuko hitzarmena aplikatuko balitz, "jokoan" egongo lirateke lortutako lan-baldintzak eta probintzietako hitzarmenen "negoziazioa bera".

Hori dela eta, mobilizazioekin jarraitzeko asmoa agertu du, "Arte patronalak EAE eta Nafarroa Estatuko hitzarmenetik kanpo utzi arte".

Greba-egun berri honetan, 5.000 pertsona inguru egon dira deituta Bizkaian eta 2.500 inguru Gipuzkoan; eta, besteak beste, manifestazio bat egin dute Bilbon, elkarretaratze bat Plaza Biribilean eta protesta bat Donostiako San Martin merkatuan.

Gipuzkoan beste greba-egun bat egingo dute urtarrilaren 7rako, merkealdi kanpainan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaia Gipuzkoa ELA Grebak Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak