Ekonomia -
AURREIKUSPEN EKONOMIKOAK
"Ziurgabetasuna" aurreikusi du Confebaskek 2025. urterako, EAEko ekonomia % 1,8 haztea espero duen arren
Confebaskeko presidentearen arabera, EAEko ekonomia aurten bezalatsu haziko da datorren urtean ere. Testuinguru horretan, 12.000 lanpostu berri sortu eta langabezia tasa % 6,5ean kokatuko dela aurreikusi du.
AGENTZIAK | EITB Media
2025. urtea "ziurgabetasun eta arrisku" handikoa izango dela aurreikusi du Confebask patronalak, eta, testuinguru horretan, Euskal Autonomia Erkidegoko ekonomia batez beste % 1,8 haztea eta 12.000 lanpostu berri sortzea espero du.
Patronalak aurtengo urtearen balantze ekonomikoa eta datorren urterako hazkunde aurreikuspenak jakinarazi ditu, gaur goizean, Bilbon eskaini duen prentsaurrekoan.
Heldu den urteari begira, EAEko ekonomia ia aurten adina haziko dela aurreikusi du, % 1,8 alegia, Espainiakoaren azpitik eta eurogunearen gainetik.
Hala ere, Tamara Yague Confebaskeko presidentearen arabera, mundu mailako hainbat faktoreren baitan, EAEko ekonomiaren hazkundea % 1,3 eta % 2,5 artekoa izan daiteke. Halaber, 12.000 lanpostu berri sortu eta langabezia tasa % 6,5ean kokatuko dela uste du.
2024. urtean iaz egindako hazkunde aurreikuspenak hobetuko dira eta barne produktu gordinaren % 1,8 haziko da. Horrez gain, EAEn 11.000 afiliatu gehiago daude eta langabezia tasa % 7koa da.
Bestalde, Confebaskek enpresaburuen kezka nagusiak aipatu ditu, tartean, langile kualifikatuak aurkitzeko arazoak, lan kostuen igoera eta absentismoa.