Ekonomia -
TITULAR NAGUSIAK
Albiste izango dira: Aurrekontuak, deskontuak garraio publikoan eta Gabonetako Loteriaren inguruko bitxikeriak
Gaurkoan albiste izango direnen laburpena, bi hitzetan.
EITB MEDIA
Honako gai hauek hartuko dituzte gaur, 2024ko abenduaren 20an, hedabideetako lerroburu nagusiak:
- Aurrekontuak: Eusko Legebiltzarrak gaur onartuko du Eusko Jaurlaritzak 2025erako aurkeztutako aurrekontu proiektua. 09:30ean hasiko da osoko bilkura eta eitb.eus atariak zuzenean emango du. Ezustekorik ezean, Jaurlaritzako bi bazkideen (EAJ eta PSE-EE) gehiengoarekin aterako dira aurrera aurrekontuak, joan den ostegunean EH Bilduk ez baitzuen ontzat eman Noël D'Anjou Ogasun eta Finantza sailburuak helarazitako azken proposamena. Halaber, Arabako eta Gipuzkoako Batzar Nagusietan ere, gaur onartuko dituzte foru gobernuen aurrekontu proiektuak.
- Deskontuak garraio publikoan: Espainiako Gobernuak beste 6 hilabete luzatuko ditu garraio publikoen deskontuak, ekainaren 30a arte, alegia. 2022tik daude martxan deskontuok, baina, printzipioz, abenduaren 31n bukatzekoak ziren. Gaur egun, % 50eko hobaria dago garraio publikoan: Estatuak % 30 ordaintzen du, eta EAEko erakundeek, gainerakoa (% 20). Baieztapenaren zain, Espainiako Gobernuak deskontuen % 30 bere gain hartzen jarraituz gero, euskal erakundeek esana dute % 20 jartzen segitzeko prest daudela.
- Gabonetako Loteria: bitxikeriak: Aurten, Gabonetako Loteriak 2.702 milioi euro banatuko ditu saritan, eta 2023ko datuen arabera, biztanleko batez besteko gastua 78 eurokoa da Euskadin eta 58 eurokoa Nafarroan. Argitu hemen Gabonetako Loteriaren inguruko zalantzak: Dezimoa tolestu al dezaket? WhatsApp bidez zenbaki bat parteka dezaket? Dezimoa garbigailuan sartzen badut, zer gertatzen da? Non kobratu dezaket saria? Zer gertatzen da dezimo bat sare sozialetan partekatzen badut?