Ekonomia -

Akordioa

Lan legepeko irakasleen eta hezitzaileen bigarren hitzarmena sinatu dute Jaurlaritza, UGT, LAB eta Steilasek

Hitzarmenak sektoreko ordezkarien % 63 baino gehiagoko babesarekin egin du aurrera, UGTk, LABek eta Steilasek babestu baitute. Aurreko hitzarmena duela 20 urtekoa zen, 2004koa. ELAk, ostera, ez du hitzarmena babestu, bere ustez, sektorearen aldarrikapen nagusiak ez direlako aintzat hartu.

Sektoreko langileen protesta bat. Irudia: LAB
Sektoreko langileen protesta bat. Irudia: LAB
Sektoreko langileen protesta bat. Irudia: LAB

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak lan legepeko irakasleen eta hezitzaileen hitzarmen berria sinatu du UGT, LAB eta Steilas sindikatuekin. Hitzarmen horrek hainbat kategoria hartzen ditu, eta 1.600 langileri eragiten die zuzenean.

Profesional-talde handiena heziketa bereziko espezialisten kategorian dago, eta 1.200 profesionalek osatzen dute.

Hitzarmenean hainbat kontu adostu dira, hala nola urteko eta asteko lanaldia, kategoria bakoitzaren eginkizunetarako ordu-dedikazioa, ordainsarien berrikuspena eta enpleguaren egonkortasuna.

Halaber, akordioak, besteak beste, kontziliazioaren aldeko lizentziei eta baimenei buruzko neurriak jasotzen ditu, edo Zeinu-hizkuntzako unibertsitate-graduaren titulazioa interpreteen kategorian sartzeari buruzkoak entzumen-zailtasunak dituzten ikasleentzat.

Hezkuntza Sailak uste du akordio hori "ona dela sektoreko profesionalentzat, ikasleentzat eta, ondorioz, sistemarentzat", ikastetxeetan esku-hartze inklusiboen kalitatea hobetzen eta hezkuntza-laguntzako eta premia bereziak dituzten ikasleei arreta ematen jarraitzeko aukera ematen baitu.

Hitzarmena sinatu duen LABen ahotan, sektoreko ordezkarien % 63k baino gehiagok babestu dute akordioa. Aurreko hitzarmena duela 20 urtekoa zen, 2004koa.

Hitzarmen berriarekin, LABen esanetan, heziketa bereziko espezialisten, zeinu-hizkuntzako interpreteen eta transkribatzaileen soldatak Haurreskolak Partzuergo Publikoko hezitzaileen soldatekin parekatuko dira.

Bestalde, lan-karga arintzen duen eta zentroko erabakiguneetan parte hartzeko aukera ematen duen ordutegia lortu da, zuzeneko arreta 25 ordura murriztuko da, eta astean bost ordu izango ditu langileak, zentroan koordinazioa eta materiala prestatzeko.

Era berean, LABen hitzetan, kategoria guztietan behin-behinekotasun tasa % 5etik beherakoa izatea adostu da, eta lan eskaintza publikoak hiru urtean behin egingo dira, ereduak negoziatuz.

Azkenik, zaintzak eta soldatapeko lana uztartzeko aukerak zabaldu dira, ordezkapenetako beharginen prestasun eta mugikortasunagatiko konpentsazioa eta puntuazioa lortu da, eta C1 hizkuntza-eskakizuna eskatuko da zerrendetan izena emateko.

ELAk ez du sinatu

Aldiz, ELAk ez du hitzarmena sinatu, bere ustez, sektorearen aldarrikapen nagusiak ez direlako aintzat hartu.

Zehazki, kritikatu du ez dela erosahalmena berreskuratuko, ez delako soldata-igoerarik aurreikusten KPIaren erreferentzia eta bermea duten kolektibo guztientzat, eta sinatutako akordioan ez dago atzeraeraginik, soldata-igoerak 2025erako eta 2026rako direlako.

Era berean, ELAren arabera, ez da zehazten benetako behin-behinekotasuna % 8ra murrizteko formularik, eta gai asko uzten dira etorkizunean negoziatzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
ELA LAB Euskal Autonomia Erkidegoa Gizartea Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Hezkuntza Sindikatuak UGT Steilas Lan gatazkak