Ekonomia -

NAFARROAKO PARLAMENTUA

Nafarroako Parlamentuak 2025erako aurrekontuak onartu ditu, Chivitek EH Bildurekin adostutako seigarrenak

Orotara, 6.431,3 milioi euroko kontuak dira, iaz baino % 1,2 gehiago. Euren agerraldietan, EH Bildu, PSN, Geroa Bai eta Contigo-Zurekin taldeen bozeramaileek Nafarroak bizi duen "egonkortasuna" nabarmendu dute.

Maria Chivite eta Laura Aznal, gaur, Nafarroako Parlamentuan. Argazkia: EFE
Maria Chivite eta Laura Aznal, gaur, Nafarroako Parlamentuan. Argazkia: EFE
Maria Chivite eta Laura Aznal, gaur, Nafarroako Parlamentuan. Argazkia: EFE

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ez da ezustekorik izan eta Nafarroako Gobernuaren 2025eko aurrekontua onartu du gaur Foru Parlamentuak. Maria Chiviteren Exekutiboak EH Bildurekin seigarren urtez jarraian adostutako kontuak dira. Bozketan, PSNk, Geroa Baik eta Contigo-Zurekinek (Foru Gobernua osatzen duten alderdiak) alde bozkatu dute, eta EH Bildu abstenitu egin da.

6.431,3 milioi euro izango ditu Nafarroako Gobernuak, datorren urtean bere politikak aurrera ateratzeko. Horietatik 5.986,6 milioi gastu ez finantzariora bideratuko dira (Nafarroako Gobernuko, Nafarroako Parlamentuko eta Nafarroako Kontseiluko departamenduetara), eta gainerako 444,7 milioiak gastu finantzariora (zorraren amortizazioa eta interesen ordainketa). Iazko aurrekontuarekin alderatuta, gastu ez finantzarioa % 2,6 hazi da, 150,7 milioi euro.

UPNk, PPk eta Voxek osoko zuzenketa bana aurkeztu zioten aurrekontu proiektuari, eta hirurak atzera bota dituzte asteon Parlamentuan. Aurkeztutako zatikako 800 zuzenketetatik, berriz, 375 onartu dira (PSNk, EH Bilduk, Geroa Baik eta Contigo-Zurekinek aurkeztutakoak). Azken zuzenketa horiekin, 21,4 milioiko aldaketak egin dira aurrekontuetan.

Euren agerraldietan, UPN, PPN eta Voxen eledunek gogor kritikatu dute Chiviteren jarduna. Besteak beste, bere ardurak "alde batera uztea" egotzi diote, kosta ahala kosta "botereari eusteko". EH Bildurekiko "erabateko mendekotasuna" izatea ere leporatu diote.

Bestalde, EH Bilduk, PSNk, Geroa Baik eta Contigo-Zurekinek ezberdinen arteko akordioen garrantzia nabarmendu eta Nafarroako bizi duen "egonkortasuna" txalotu dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
PP UPN PSN Geroa Bai Nafarroa Ekonomia EH Bildu Eguneko albisteak Albisteak Nafarroako Gobernua Nafarroako Parlamentua María Chivite