Ekonomia -

deustobarometroa

Etxebizitzaren gaineko kezka ia hirukoiztu egin da azken urtean EAEn, osasungintzaren pare jartzeraino

Deustobarometroren azken inkestan galdetutakoen % 41ek aipatu dute EAEren arazo nagusien artean; iaz % 16ren ahotan baino ez zen egon. Gainera, etxebizitzaren politika publikoek nota eskasa merezi dute (10etik 3,8), herritarren ustez.

Etxebizitza da EAEko arazo handienetakoa, Deustobarometroaren arabera. EFE
Hainbat etxebizitza eraikitzen Bilbon.
Etxebizitza da EAEko arazo handienetakoa, Deustobarometroaren arabera. EFE

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Etxebizitzaren eta etxegabetzeen auzia indarrez sartu da Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) herritarren kezken artean, eta azken urtean, ia hirukoiztu egin da arazo gisa identifikatu dutenen kopurua. Horixe da, bederen, neguko Deustobarometro inkestaren emaitzek diotena.

Galdetutakoen % 41ek aipatu dute etxebizitzaren arazoa azken galdeketa honetan. Iazko inkestan, % 16 izan ziren (herritarren bosgarren kezka zen orduan), hortaz, 25 puntu hazi da bizitokien gaineko ardura. Hala, osasungintzarekin ia parekatuta (% 42) ageri da aurten. Hirugarren arazo handia, 10 puntuko tartera, prezioen igoera dela diote herritarren % 33k.

Inkestaren emaitzak gaur aurkeztu dituzte prentsaurrekoan Maria Silvestre eta Braulio Gomez proiektuaren zuzendariek eta Iratxe Aristegi ikertzaileak. Galdeketa azaroaren 19tik abenduaren 4ra egin zuten 1.000 herritarren artean.

Deustobarometroak azalarazi duenez, etxebizitza buruhauste handienetakoa da gaur-gaurkoz, baina etorkizunera begira ere ezkortasuna da nagusi. Itaundutakoen % 31k uste dute ez dutela inoiz etxebizitza bat erosterik izango, eta % 28ren aburuz, 10 urte beharko dute horretarako.

Herritarren arabera, etxebizitza politika publikoek ez dute herritarren onespena jaso: 10etik 3,8 nota jarri diete. Gizartearen gehiengoak uste du Estatuak etxebizitza merkatuan eskua sartu behar duela. 10 herritarretik 7 gune tentsionatuak izendatzearen alde daude, alokairuen prezioa mugatze aldera. Are gehiago dira (% 86) alokairu publikoa eraikitzea babesten dutenak, eta % 76k uste dute alokairuagatik emandako kenkariak igo behar direla. Inkestari erantzun dioten hiru laurdenen arabera, Udalek lurzoru gehiago bideratu beharko lukete etxebizitza librea eraikitzeko.

Bada beste datu deigarririk: herritarren % 76k muga ezarriko lukete inork ez zezan bi etxebizitza baino gehiago izan.

Era berean, etxebizitza jabetzan edukitzearen aldekoa da biztanleriaren ia gehiena (% 91), % 86k uste baitute etxebizitza erostea inbertsio onena dela. Zentzu berean, 10 herritarretik 7ren iritzian, alokairuan egotea dirua botatzea da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskal Autonomia Erkidegoa Deustuko Unibertsitatea Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Etxebizitza