Ekonomia -
INDUSTRIA
Siemens Gamesak 430 langiletik 255era murriztu du lan-erregulazioko espedientearen eragina
Neurria urtarrilaren 9an jarriko da martxan. Lan-erregulazioko espediente hau egitasmo baten parte da, multinazionalak bere finantza egoera txarra zuzendu nahi duena, eta aldi baterako beste lan-erregulazio bat ere jasotzen duena.
EITB MEDIA
Siemens Gamesak 430 langiletik 255era murriztu du lan-erregulazioko espedientearen eragina Espainiako Estatuan. Radio Euskadik aurreratu duenez, zuzendaritzak sindikatuen ordezkaritzari jakinarazi dio gaur, aldi baterako lan-erregulazioaren aurreko negoziazio mahaian.
Horrela, enpresak murriztu egin du Espainiako Estatuan dituen lantokietan aplikatu nahi duen kaleratze egitasmoaren eragina, baita Zamudioko eta Sarrigurengo lantegietan ere. 430 langile izan beharrean, hasiera batean planteatu zuen bezala, 255 behargin izango dira.
Hala jakinarazi du zuzendaritzak lan-erregulazio hau martxan jarri aurreko negoziazio mahaian, eta neurria urtarrilaren 9an abiatuko da. Orduan, hilabeteko epea irekiko da bajen baldintzak eta langileak birkokatzeko baldintzak negoziatzen jarraitzeko.
Lan-erregulazioko espediente hau egitasmo baten parte da, multinazionalak bere finantza egoera txarra zuzendu nahi duena, eta aldi baterako beste lan-erregulazio bat ere jasotzen duena, konpainiaren beste atal bateko, Asteasuko eta Zamudioko, 220 langilerentzat, hurrengo urte eta erdian aplikatuko dutena. Bi lantegietako batzarrek horrela berretsi dute arratsaldean.
Ia aho batez onartu dute Asteasuko Siemens Gamesako langileek enpresak sindikatuekin adostutako aldi baterako lan-erregulazioa. Bakarrak bozkatu du kontra, eta 108k alde. Gauza bera gertatu da Zamudio, Burgos eta Lermako lantegietan.
Asteasun dauden 190 beharginetatik 170ri eragingo die, Zamudion 46ri. Erregulazioa urte eta erdirako izango da, eskaririk ez bada bi urtera ere luza liteke. Enplegua bermatuta egongo da 2027ko abenduaren 31arte.
Asteasun eta Zamudion biderkagailuak ekoizten dituzte, aerosorgailuen palen mugimenduak argindar sortzailera transmititzen duten piezak.
LABek nabarmendu du "murriztu" egin duela aldi baterako lan-erregulazioaren eragina, Asteasuko lantegiko zuzendaritzak "luze eta oso gogorra" izatea nahi baitzuen. Sindikatu abertzaleak ohar batean salatu duenez, "enpresak talde mailan negoziatu nahi izan du, negoziazio mahai bat inposatuz, non Asteasuko langileen ordezkaritza deseginda eta eragiteko gaitasun oso txikiarekin geratzen zen".
Hala, "negoziazio prozesu neketsu eta zail baten ostean" zuzendaritzarekin aurreakordio batera iritsi dela nabarmendu du, lan-erregulazioa "murriztea" lortuz, " bi urtetik, hasierako proposamenetik, urte eta erdira, eta eguneko soldataren % 85erainoko osagarria lortu du (estrak eta oporrak % 100ean)".
Alemaniako konpainiak denera 3.000 langile inguru ditu EAEko eta Nafarroako lantegietan: Zamudion, Mungian, Asteasun, Sarrigurenen eta Arazurin.