Ekonomia -
Enplegu publikoa
Eusko Jaurlaritzak ia 4.000 plazako lan eskaintza publikoa onartu du
Lanpostu gehienak (ia 1.900) Osakidetzan eta Hezkuntzan (1.000 pasatxo) eskainiko ditu Gobernuak. Ertzaintzan 500 plazatik gora izango dira, eta administrazio orokorrean, 400 bat. Hurrengo hiru urteetan egingo dituzte deialdiok.
EITB Media
Eusko Jaurlaritzak 3.949 plazako Lan Eskaintza Publikoa (LEP) onartu du gaur, asteartearekin, gobernu bileran. Lanpostuok deialdi publiko bidez beteko dira, eta deialdiak hurrengo hiru urteetan gauzatuko dira (2027ra arte).
Lanpostuen ia erdiak (1.896 plaza) Osakidetzan aterako dituzte, eta Hezkuntzari dagokio LEParen plazen zati handi bat, 1.046 lanpostuko eskaintza egingo baita.
Ertzaintzan 525 plaza aterako dituzte, eta Administrazio Orokorrean eta bere erakunde autonomoetan, 420. Segurtasun Administrazioan 23 plaza eskainiko dira. Gainerakoak honela banatuko dituzte: EJIE Eusko Jaurlaritzaren Informatika Elkartea (25), Euskadiko Orkestra Sinfonikoa (8), Euskalmet (4) eta Visesa alokairu publikoa sustatzeko sozietate publikoa (2).
Maria Ubarretxena Eusko Jaurlaritzaren bozeramaileak nabarmendu duenez, lan eskaintza horren helburua da EAEko administrazioan belaunaldi erreleboari aurre egitea eta behin-behinekotasun tasa % 8tik behera kokatzea. Gainera, iragarri du hurrengo urteetan eskaintza gehiago egingo dituztela, plaza kopurua handitzeko.
Halaber, urtea amaitzerako, Administrazio Orokorreko 3.400 plaza inguru egonkortuko dira.