Ekonomia -

NAFARROA

BSH etxetresna fabrikatzaileak iragarri du Eskirotzen duen lantegia ixteko asmoa duela

Etxetresnak egiten dituen Alemaniako taldeak (besteak beste, Bosch, Siemens eta Balay marken ekoizlea) argudiatu duenez, lantegiak "lehiakor izateari utzi dio". 655 pertsonak egiten dute behar bertan. Nafarroako Gobernuak eta sindikatuek ez zuten erabakia espero.

Nafarroako lantegiaren kanpoaldea. Argazkia: Nafarroako UGT
Nafarroako lantegiaren kanpoaldea.
Nafarroako lantegiaren kanpoaldea. Argazkia: Nafarroako UGT

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Etxetresnak egiten dituen BSH taldeak —besteak beste,  Bosch, Siemens eta Balay marken ekoizlea— Eskirotzen (Esteribar, Nafarroa) duen lantegia ixteko asmoa iragarri du gaur, "lehiakor izateari utzi" diola argudiatuta. 655 langile ditu faktoriak.

Enpresaren zuzendaritzak gaur bertan jakinarazi die erabakia sindikatuei eta Nafarroako erakundeei, gutun bidez, eta antza, ezustean harrapatu ditu, inor gutxik espero baitzuen. Langileen ordezkariek asanblada deitu dute eguerdirako.

Multinazionalak ohar bidez azaldu duenez, "merkatuaren egoera zaila kontuan hartuta, eta gogoeta eta azterketa sakon bat egin ostean" hartu dute lantegia ixteko erabakia.

Horren arabera, "urteetan zehar hainbat agertoki eta neurri arretaz aztertu dituzte, baina egindako hobekuntzak gorabehera, BSHk Eskirotzen duen lantegiak lehiakor izateari utzi dio".

Hori horrela, sei hilabetez, ekainera arte, legeak ezarritako negoziazio prozesua abiatuko du enpresak. Zuzendaritzaren arabera, "hitz egiteko prest" izango da.

Epe horretan ontzi garbigailuak eta hozkailuak egiten jarraituko du enpresak.

Erreakzioak

Maria Chivite Nafarroako Gobernuko presidenteak nabarmendu duenez, BSH taldearen itxiera erabakia "ustekabekoa" izan da. Gobernuarentzat langileak dira orain "kezka iturri eta lehentasun".

Kazetarien aurrean egindako adierazpenetan, foru presidenteak azpimarratu du erabakia iragartzeko modua ez dela ohikoa izan. Horren ahotan, bazekiten lantegiaren inguruan "kezka" zegoela, enpresaren zuzendaritzarekin eta sindikatuekin hainbat bilera egin dituztelako. Alemaniako arduradunekin harremanetan jartzen saiatu ziren, alferrik.

Horren harira, iragarri du Mikel Irujo Nafarroako Gobernuko Industria eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako kontseilariak bilera eskatu diola Nafarroako zuzendaritzari. Gainera, Nafarroako Parlamentuan ere agerraldia eskatu du.

Sindikatuen jarrera zein den jakiteko Asier Calderon LAB Industriaren ordezkaria elkarrizketatu dute Euskadi Irratian. Azaldu duenez, ez zuten itxiera "inondik inora" espero, are gutxiago "egin den moduan, gutun baten bidez". Calderonen hitzetan, langileek "urte luzez esfortzua" egin dute, eta arazoa, lehiakortasun falta barik, beste bat izan dela azpimarratu du. "Lanak beste lantegi batzuetara, Poloniara eta Turkiara, bideratu dituzte", salatu du

Ohartarazi duenez, 655 langileengan ez ezik, itxierak "ondorio kaltegarriak" izango ditu enpresarentzat lan egiten duten beste faktoria batzuetan ere.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nafarroa Lana Enplegu-erregulazioko espedienteak Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak