Ekonomia -
ARRANTZA KUOTAK
2025erako arrantza kuoten balorazio "gazi-gozoa" egin du Leandro Azkue Arrantza zuzendariak
Orokorrean, akordioak mesede egingo dio baxurako flotari, eta kalte, alturakoari. Halaber, berdelaren biomasaren egoeragatik kezkatuta agertu da.
EITB Media
Europar Batasuneko (EB) Arrantza ministroek 2025erako arrantza kuotak adostu berri dituzte. Orokorrean, akordioak mesede egingo dio baxurako flotari, eta kalte, alturakoari.
Euskadi Irratiko "Faktoria" saioan egin dioten elkarrizketan, datorren urteko arrantza kuoten inguruko lehen balorazioa egin du Leandro Azkue Eusko Jaurlaritzako Arrantza zuzendariak. Horren esanetan, arrantza flotaren araberako irakurketa egin behar da; orokorrean, "baxurako flota ez da gaizki irten", baina alturako flotarentzat "albiste kezkagarria" da.
Bizkaiko eta Gipuzkoako baxurako arrantzaleek aurten baino nabarmen oilar, zapo eta txitxarro gehiago arrantzatu ahalko dute. Gainera, gutxi asko, legatzaren aurtengo kuotari eutsiko diote. Baxurako ontzien artean kaltetuenak berdela harrapatzen dutenak izango dira. Izan ere, espezie horren zaurgarritasun egoera dela eta, baimendutako kuota % 22 jaitsiko da.
Alturako ontziei (batez ere Ondarroan finkatutakoak), ostera, iparraldeko legatzaren, zapoaren, oilarraren eta bakaladaren (perlita) kuotak nabarmen murriztuko zaizkie. Arrantza zuzendariaren arabera, oraindik goiz da kuoten jaitsierak alturako arrantzaleengan izango duen eragin ekonomikoa zenbatzeko. Hala ere, onartu du arrain gutxiago merkaturatzen bada oso litekeena dela prezioa igotzea.
Bestalde, berdelaren biomasaren egoeragatik kezkatuta agertu da. Leandro Azkuek azaldu duenez, azken hiru urteetan berdelaren kuota jaitsi egin da eta aurten EAEko arrantzaleak ez dira gai izan kuota betetzeko. Hori dela eta, kuotaren jaitsierak baino gehiago arduratzen du joerak, duela urte batzuk baino berdel gutxiago iristen baita EAEko kostaldera.