Ekonomia -

ELIKAGAIEN PREZIOAK

Gabonetako erosketa-saskia % 5,2 garestitu da: anana eta arkumea garestitu dira gehien

OCUk ohartarazi du azken urteetako garestienetakoa izango dela aurten gabonetako saskia. Horregatik, Eguberrietako otorduak ondo planifikatzea, erosketak aurreratzea, eskaintzak aprobetxatzea eta produktu garestienak merkeagoak diren beste batzuekin ordezkatzea gomendatzen dute.

Cajas con marisco. Foto: EFE.
Cajas con marisco
Cajas con marisco. Foto: EFE.

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Elkarteak (OCU) ohartarazi duenez, elikagaien prezioa % 5,2 igo da "Gabonetako ohiko" produktuetan, eta horietatik seik "maximo historikoak" ezarri dituzte, hala nola arkumeak, ananak eta bisiguak.

Kontsumitzaileen elkarteak Gabonetako prezioen behatokia jarri du martxan, eta azterketa horren helburua da egun horietan elikaduraren prezioek izan duten bilakaera aztertzea, azaldu dute ohar batean.

OCUk 2015etik aztertzen du Gabonetan ohikoak eta eskaera handikoak diren 16 produkturen prezioa Albaceteko, Bartzelonako, Bilboko, Madrilgo, Malagako, Sevillako eta Valentziako udal-merkatuetan, supermerkatuetan eta hipermerkatuetan.

Alderatutako datuen arabera, Eguberrietako saskiko hamar produktu garestitu egin dira.

Honako hauek dira: ostra (% 19), granada (% 17), esneko arkumea (% 16), lupia (% 12), urdaiazpiko iberikoa (% 11), bisigua (% 10), anana (% 10), angula (% 9), Galiziako lanpernak (% 8) eta txahal-biribilkia (% 6).

Eta gehien igotzen direnen artean, sei daude maximoetan: arkumea, txahala, bisigua, lonbarda, anana eta granada.

Aldiz, txirlak (- % 19), indioilarra (- % 6), otarrainxkak (- % 5), pularda (- % 3) eta legatza (- % 1) jaitsi egin dira.

OCUren ustez, igoerarik garrantzitsuenak ohi baino eskaintza murritzagoa duten eta denbora tarte horretan eskari handia duten produktuekin gertatzen dira, eta, ohartarazi dute, oro har, aurten gabonetako saskia azken urteetako garestienetakoa izango dela.

Gabonetako otorduak ondo planifikatzea, erosketak aurreratzea, eskaintzak aprobetxatzea eta produktu garestienak merkeagoak diren beste batzuekin ordezkatzea gomendatzen diete kontsumitzaileei.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gabonak Gizartea Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Kontsumoa