Ekonomia -

Enpresak

Glovoren sortzaileak dio eredu aldaketaren helburua "gatazka legalak saihestea" dela

Konpainiak eredua aldatu eta banatzaileak soldatapeko gisa kontratatuko dituela iragarri ondorengo egunean, Oscar Pierrek inputatu gisa deklaratu du Bartzelonako epaitegi batean banatzaileak autonomo gisa mantentzeagatik irekita dagoen prozesu baten baitan.

Glovoko banatzailea
Glovoko banatzailea
Glovoko banatzailea

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Oscar Pierre Glovoren sortzaile eta kontseilari delegatuak Bartzelonako epaitegi batean deklaratu du astearte honetan, eta ziurtatu du enpresak banatzaileei lan-kontratuak egiteko erabakiaren helburua "auzitegietan eta Lan Ikuskaritzan eztabaidak saihestea" dela, nahiz eta egungo eredua legezkoa dela uste duen. Halaber, adierazi du erabakiak ez duela zerikusirik bere defentsa-estrategiarekin.

Pierrek inputatu gisa deklaratu du Bartzelonako 31 zenbakiko instrukzio-epaitegiko titularraren aurrean, Delitu Ekonomikoen Fiskaltzak bere aurka aurkeztutako salaketa batek abiatutako prozesu judizialaren baitan. Banatzaileak autonomo gisa mantendu eta langileen eskubideen aurkako delitua egin izana egozten dizkiote.

Deklarazioaren bezperan, Glovok iragarri zuen autonomo faltsuen eredua utzi eta soldatapeko banatzaileak kontratatuko dituela.

Defentsaren abokatuaren galderei erantzunez, Pierrek berretsi du Glovoren lan-ereduaren aldaketaren iragarpena "kointzidentzia" baino ez dela. Azaldu du, riderrak (banatzaileak) autonomo faltsu gisa kontratatzeagatik hainbat zigor jaso ostean, "bake soziala" bilatzen duela, Lan Ikuskaritzarekin eta arazo judizialak izaten jarraitzea saihesteko.

Hala ere, ziur dago orain arteko kontratazio-sistema legezkoa dela. Epailearen aurrean argudiatu duenez, azken urteetan Glovo banatzaileen kontratazio-eredua aldatzen joan da ebazpen judizialetara, lan-arloko ebazpenetara eta indarrean dagoen araudira egokitu ahal izateko.

Defentsak hedabideei bidalitako komunikatuaren arabera, Pierrek azaldu du konpainia 2014an eratu zenean, Lan Ikuskaritzak begi onez jo zuen banatzaileak autonomo gisa aritzea. 2018an, ordea, "irizpidea aldatu zuen" eta banatzaileak "laboralizatzeko" eskatu zion konpainiari. Prozesu hori Auzitegi Gorenaren epai batekin amaitu zen.

Ondorioz, Pierrek berretsi du Fiskaltzaren salaketa "lehen lan-ikuskapenen ebazpenetan" oinarritzen dela eta, ebazpen horiek aztertu zituen, eta hainbat eredu-aldaketa eragin zituztela kontratazioan, Ikuskaritzaren irizpidera egokitzeko.

CGT sindikatua akusazio partikular gisa aurkeztu da Fiskaltzak abiatutako prozesu honetan, "duintasunaren eta lan-eskubideen aurkako abusuzko eta iruzurrezko jardunbideei amaiera emateko helburuarekin". Pierrek uko egin dio sindikatuaren abokatuaren galderei erantzuteari astearte honetako saioan.

Sindikatuak zuhur agertu dira, eta langileek zalantzak dituzte oraindik etorkizunari begira.

Espainiako Gobernuak "riderren legea" onartu zuen 2021ean; lege horrek plataforma digitala behartzen zuen banatzaileak soldatapeko gisa kontratatzera.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Enpresaburuak