Ekonomia -

EITB Data

Ziurgabetasun egoeran ere, automozioa sektore indartsua da oraindik Euskal Herrian

Industriaren % 9 da EAEn eta % 24 Nafarroan, eta 26 mila pertsonak baino gehiagok egiten dute lan bertan. Hala ere, Txinan izan duten ekoizpenaren hazkundeak eta bertako esportazioak hartzen dituzten Alemaniaren eta Frantziaren ziurgabetasuna sortu dute.

Irudia: EITB Media
Irudia: EITB Media
Irudia: EITB Media

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Automobilgintza Hego Euskal Herriko industria-jarduera indartsuenetakoa da gaur egun eta bertan jarri nahi izan du arreta EITB Datak. Sektore horrek Nafarroako industriaren fakturazioaren % 24 hartzen du; Euskal Autonomia Erkidegoan, berriz, % 9.

Hego Euskal Herrian 26.200 pertsonak baino gehiagok egiten dute lan sektore horretako 190 enpresetan. Mercedes-Benz eta Volkswagen dira konpainia ezagunenak, baina fakturazio handiena dutenen artean Gestamp, Cie Automotive, TRW Automotive, Irizar eta ZF Aftermarket ere badaude. Guztira, Estatu osoko automozio-sektorearen % 12,4 osatzen dute Hego Euskal Herriko enpresek.

2024 honetan, sektoreko enplegua % 2,5 hazi da EAEn eta % 0,7 Nafarroan, 2022ko datuekin alderatuta.

Hego Euskal Herriko enpresen erdiak baino gehiagok osagaiak fabrikatzen dituzte, hau da, ibilgailu motordunentzako piezak, osagarriak, moduluak, ekipo elektrikoak edo elektronikoak egiten dituzte. Sektoreko enpleguaren % 53 dira EAEn, eta % 54, Nafarroan.

Horietako askok gure lurraldean fabrikak dituzten Mercedes-Benz eta Volkswagen enpresa eraikitzaileentzat egiten dute lan. Alabaina, bertan sortzen denaren zati handi bat esportatu egiten da.

Hain zuzen ere, sektoreak azken hilabeteetan bizi duen kezka nagusiena beste herrialde batzuetara egindako salmentekin lotuta dago. Alemania da Hego Euskal Herriko automobilgintzaren esportazioen helmuga nagusia (EAEko esportazioen % 32,6 eta Nafarroakoen % 27,3 bidaltzen da hara). Bigarren lekuan Frantzia dago eta pisu handia dauka Nafarroako esportazioetan (% 20,6).

Irudia: EITB Media

Irudia: EITB Media

Automobilgintzaren sektoreak pisua galdu du bi herrialdeetan; ekoizpena % 30 eta % 32 jaitsi da, hurrenez hurren, 2010etik. 2023an, bi herrialde horietara egindako esportazioek behera egin zuten EAEn. Aldiz, Estatu Batuetara egindako salmentak igo egin dira eta esportazioei dagokienez hirugarren herrialdea da dagoeneko.

Alabaina, Donald Trump AEBko presidente izateak eta muga-zergak jartzeko duen asmoak ezinegona handitu du. Europako produktuei ezartzen zaizkien kargei Kanadako eta Mexikoko produktuei jarri asmo dizkien % 25eko tasak gehitu behar zaizkie. Automobilgintzaren Hego Euskal Herriko industriak presentzia handia du Mexikon. 46 enpresa daude bertan, SPRIren arabera, eta esportazio gehienak Trump buru izango duen herrialdera bideratzen dira.

Bien bitartean, Txina da sektore horretan gehien ekoizten duen eta auto gehien erosten dituen herrialdea. EAEko esportazioen zortzigarren postuan dago. % 3,1 bideratzen da bertara eta, 2023an, salmentak gutxitu egin ziren, 2022rekin alderatuta.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Ekonomia 2024 Prentsa digitalaren azken orduko Eguneko albisteak Industria sektorea EITB Data Automobilgintza Euskadin eta Nafarroan