Ekonomia -
lan gatazka
Volkswagen enpresako Alemaniako langileek greba egingo dute, gaurtik hasita
Beharginen soldata % 10 txikitzeko asmotan dabil enpresa, gastuak murriztu beharrean dagoela arrazoituta. Gainera, Alemaniako hainbat lantegi itxi nahi ditu, 87 urtean lehen aldiz.
EITB MEDIA
Volkswagen (VW) enpresako sindikatuek greba deitu dute gaurdanik Alemaniako ekoizpen lantegietan, zuzendaritzak milaka lanpostu desagerrarazteko hartu nahi dituen neurriak gaitzesteko, IG Metall sindikatuak ohartarazi duenez.
Europako auto ekoizle nagusiaren eta Volkswageneko langileen arteko liskarra albiste da azkenaldian, enpresak beharginak kaleratuko dituela, soldatak jaitsiko dituela eta lantegiak itxiko dituela iragarri zuenetik.
Horri erantzunez, greba mugatuak deitzea adostu zuten langileek iragan azaroaren 22an.
"Beharrezkoa bada, Volkswagenek sekula ikusi duen negoziazio borroka gogorrena izango da hau", esan du ohar batean IG Metall sindikatuaren ordezkari Thorsten Groegerrek.
"Ika-mika honen iraupena eta indarra Volkswagenek negoziazio mahaian duen jokabidearen araberakoak izango dira", erantsi du Groegerrek.
Bestalde, Volkswagenek adierazi du "elkarrizketa eraikitzaileetan" sinesten duela oraindik ere, "gatazkari irtenbide bat bilatze aldera".
"Langileen greba eskubidea errespetatzen dugu", nabarmendu du bozeramaile batek sindikatuaren iragarpenaren aurrean. Halaber, gaineratu du enpresak neurriak hartu dituela lanuzteak bezeroengan ahalik eta eragin txikiena izan dezan.
Sindikatuak, bere aldetik, neurri sorta bat proposatu zuen iragan astean, auto ekoizleak 1.500 milioi euro aurrez ditzan. Besteak beste, 2025eko eta 2026ko hobariei uko egiteko prest agertu ziren beharginak, baina Volkswagenek atzera bota zuen proposamena.
Bitartean, soldatak % 10 txikitzeko asmoa erakutsi du, gastuak murriztu beharrean dagoela argudiatuta, "horrela Txinarekin lehian jarraitu ahal izango dugu", esan dute. 87 urtean lehengo aldia da Volkswagenek lantegiak ixteko intentzioa agertu duela.
Abenduan bilera gehiago egitekotan dira ordezkari sindikalak eta zuzendaritza. Irailaren 9an hasi zituzten negoziazioak, eta sindikatuek hitzeman zuten ez dutela onartuko Volkswagenen lantegi guztientzat epe luzerako diseinatutako planak bermatzen ez duen aukerarik.