Ekonomia -

Turismoa

Gaur sartuko da indarrean bidaiarien erregistro berria, sektore turistikoaren kritikak gorabehera

Neurri berri horren harira, zalaparta sortu da ostatatze eta bidaia sektoretan, salatu baitute zama burokratiko handia, lehiakortasunaren galera eta bidaiarien pribatutasunaren urraketa dakartzala neurri horrek.

Bikote bat Donostian, hotelera bidean. Argazkia: EFE
Bikote bat Donostian, hotelera bidean
Bikote bat Donostian, hotelera bidean. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gaur, abenduak 2, sartuko da indarrean 933/2021 Errege Dekretua, ostatatzean edota motordun ibilgailuen alokairuan diharduten pertsona fisiko zein juridikoen informazioa eta dokumentu erregistroa arautzeko asmoz. 

Neurri berri horren harira, zalaparta sortu da ostatatze eta bidaia sektoretan, salatu baitute zama burokratiko handia, lehiakortasunaren galera eta bidaiarien pribatutasunaren urraketa dakartzala neurri horrek.

Haatik, Barne Ministerioak ziurtatu du dekretuaren nondik norakoak zehazteko orduan, une oro izan dituztela kontuan gardentasun eta efizientzia printzipioak. Hain zuzen ere, nabarmendu dute arauaren hitzaurrean, eta baita memorian ere, zehaztuta geratu direla helburuak, "alferrikako zerga administratiboak bazter utzita".

Horiek horrela, arauak eragiten dien enpresek Ses.Hospedajes plataforman sartu beharko dituzte datuak (aurrerago aipatuko ditugu). 2022tik, 61.540 hotelek, 1.994 bidaia agentziak, 222 plataforma digitalek eta ibilgailuak alokatzen dituzten 1.720 enpresak eman dute izena. Beraz, enpresa guztiak batuta, 4,77 milioi datu jaso dira plataforma horretan.

Nori eragingo dio?

Estatuko Aldizkari Ofizialean jasota dago dokumentu erregistroa derrigorrezkoa izango dela ostatatzean edo motordun ibilgailuen alokairuan lan egiten duten pertsona fisiko zein juridiko guztientzat.

Hau da, hotelei, ostatuei, pentsioei, ostalari etxeei, nekazal turismoei, kanpinei eta autokarabanentzako aparkalekuei eragingo die.

Bestalde, motordun ibilgailuak alokatzen dituzten enpresen kasuan, kanpoan utzi dituzte autotaxiak eta gidari eta guzti "alokatzen" diren ibilgailuak.  

Datuak

Datuen bilketari dagokionez, Espainiako Barne ministerioak gogora ekarri du enpresek orain arteko informazio berbera jasoko dutela:

1. Alokatzailearen datuak: izena eta enpresaren izena, IFZ (identifikazio fiskaleko zenbakia), herria, probintzia, telefonoa, helbide elektronikoa, enpresaren webgunea, iragarkia identifikatzeko url-a.

2. Establezimenduaren datuak: establezimendu mota, izena, helbide osoa, posta kodea, herria eta probintzia.

3. Bidaiarien datuak: Izena, lehen abizena, bigarren abizena, sexua, NAN zenbakia, dokumentuaren zenbakia, dokumentu mota (NAN, pasaportea, atzerriko txartela), herritartasuna, jaiotze data, egungo bizitokia, telefono finkoaren eta sakelakoaren zenbakiak, helbide elektronikoa, bidaiari kopurua, bidaiarien arteko harremana (baldin eta horietako baten bat adingabea bada).

4. Transakzioaren datuak: kontratuaren datuak erreferentzia zenbakia, etxearen datuak, ordainketa datuak.

Isunak

Bukatzeko, Ministerioak argi utzi nahi izan du araudia ez dutela "Estatuko diru kutxa betetzeko" ezarri, baina egia da 100 eta 30 000 euro bitarteko isunak jasotzen dituela Errege Dekretuak araua errespetatzen ez dutenentzat.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Turismoa Euskadi Espainiako Gobernua Espainia Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Bidaiak Ostatuak Automobilgintza