Ekonomia -
Txosten sozioekonomikoa
Gaindegia: "Herrialdeko ekonomia prest dago euskal gizartearen ongizate jomugetarako euskarri izateko"
Euskal Herriaren hogei urteko ibilbide sozioekonomikoaz aurkeztu duen txostenean, euskal gizartearen heziketa maila nabarmendu da; 25-64 urteko biztanleria bigarren tokian dago EB27ko goi-mailako heziketa rankingean.
EITB Media
Gaindegiak, Euskal Herriko garapen ekonomiko eta sozialerako behatokiak, ziurtatu duenez, "Euskal Herriko ekonomiak badauka herrialdeari eusteko adina, bere baliabideekin, bigarren aktore solidarioen mende ibili beharrik gabe".
Hala azaldu du Iñaki Dorronsoro behatokiko presidenteak ostegun honetan Donostian, Euskal Herriak azken 20 urteetan izan duen ibilbide sozioekonomikoari buruzko txostena aurkezteko egindako prentsaurrekoan. Gaindegia sortu zeneko hogeigarren urteurrenaren testuinguruan egindako lana da eta prentsaurrekoan parte hartu dute, halaber, Eusko Jaurlaritzako sailburu ohi Anjeles Iztueta behatokiko zuzendaritzako kideak eta Xabier Oleaga behatokiko idazkariak ere.
Dorronsorok bere hitzaldian adierazi duenez, "estatistiketara jo orduko, zifrek erakusten dute herrialdeko ekonomia prest dagoela euskal gizartearen jomugetarako euskarri izateko".
"Beste gauza bat da, agerikoa den horretatik eztabaidatu behar ote den nola eratu den ekonomia hori, eta nola banatzen den, baina hasteko, gure ekonomiak badauka herrialdeari eusteko adina bere baliabideekin, bigarren aktore solidarioen mende ibili beharrik gabe, eta elkartasuna sortzeko gauza da, hori bai, beste komunitate batzuentzat, Europako beste errealitate batzuekin konparatzen bagara", adierazi du Dorronsorok.
Bestalde, gaineratu duenez, autoiraunkortasun ekonomikoa da komunitate emantzipatu baten lehen adierazlea, estatuekiko duen erlazio eredua gorabehera.
Aurretik, Anjeles Iztuetak txosten horren eduki orokorrak azaldu ditu. Horren arabera, Euskal Herriko BPGa "ia bikoiztu" egin da txostenak aztertu dituen azken 20 urteetan, eta 57.629 milioi eurotik 112.811ra iritsi zen 2022an. Biztanle bakoitzaren BPGari dagokionez berriz, euskal herritarren BPGa 35.309 eurokoa izan zen 2022an, Europar Batasuneko herrialdeetako "zifra altuetatik oso urrun". Herrialde horietan, Danimarkako Hovedstaden eskualdean, esaterako, 90.400 eurokoa baita, eta Bruselan (Belgika), berriz, 77.800 eurokoa.
Langabezia-tasari dagokionez, % 8an kokatzen da adierazle hori, gaur egun Euskal Herri osoan, eta EB-27ko herrialdeetan, berriz, % 6koa, txostenaren arabera.
Bestetik, txostenak argitzen duenez, EAE, Nafarroa eta Iparraldea batuta, duela 20 urte hiru milioitik behera ziren biztanleak, baina "gaur egun muga hori nabarmen gainditzen du", biztanleria % 9,5 hazi baita 20 urteotan, hein batean immigrazioaren ondorioz. Hala, gaur egun 3,2 milioitik gora dira Euskal Herriko biztanleak.
Prestakuntzaren arloan dator txosteneko datu nabarmenenetakoa, izan ere Gaindegiak Euskadiko Eustatetik, Nafarroako Nasdat-etik eta Iparraldeko Insee-tik ateratako datuen arabera, Euskal Herri osoko 25-64 urteko biztanleria bigarren tokian dago EB27ko goi-mailako heziketa rankingean, % 53k baitu goi-mailako prestakuntza. Irlanda baino ez dauka aurretik %55ekin, eta EB27ko batez-bestekoa %35eakoa da.