Ekonomia -
INFLAZIOA
KPIa sei hamarren hazi da azaroan, % 2,4ra arte, erregaiak eta argindarra garestitzeak eraginda
Bestalde, azpiko inflazioa hamarren bat jaitsi da azaroan, % 2,4raino. Iazko abendutik aurtengo azarora arteko KPIaren arabera eguneratuko dira pentsioak 2025an, eta hortaz kotizaziopeko pentsioak % 2,8 igoko dira.
O. A. | EITB Media
Prezioek gora egin dute azaroan Espainiako Estatuan, eta urtebeteko inflazioa % 2,4an kokatu da, sei hamarren gora eginda, Espainiako Estatistika Institutuak gaur aurreratutako datuaren arabera.
Gauzak horrela, bi hilabete jarraian daramatza goranzko bidean (urria eta azaroa), eta urtebeteko tasa uztailetik (% 2,8) izandako balio gorenera heldu da.
Batez ere, erregaiak eta argindarra garestitzeak eragin du prezioe gora egitea, aurreko urteko azaroan merkeago baitzeuden.
Urritik azarora, berriz, prezioak bi hamarren garestitu dira, urrian baino lau hamarren gutxiago.
Bestalde, azpiko inflazioa (energia eta elikagai freskoak kontuan hartzen ez dituena) hamarren bat jaitsi da azaroan, % 2,4raino. Hortaz, KPI orokorraren parekoa da.
Azaroko datu aurreratua datorren abenduaren 13an baieztatuko du Espainiako Estatistika Institutuak.
Kotizaziopeko pentsioak % 2,8 igoko dira 2025ean
Kotizazio bidezko pentsioak % 2,8 haziko dira 2025ean Espainiako Estatuan. 2021eko pentsioen erreformaren arabera, pentsioen urteroko eguneratzea azaroko inflazio datuaren arabera zehaztu behar da, aurreko 12 hilabeteetako urtebeteko tasen batez bestekoari erreparatuta. INE Espainiako Estatistika Institutuak azaroko KPI aurreratua kaleratu du gaur, eta abenduaren 13an ezagutuko den behin betiko datuarekin baieztatu beharko da igoera.
Gutxieneko pentsioak eta kotizaziorik gabekoak are gehiago igoko dira, baina Espainiako Gizarte Segurantzako Ministerioak ez du portzentaje zehatza jakinarazi.
Espainiako Inklusio, Gizarte Segurantza eta Migrazio Ministerioaren arabera, hilean 1.441 euro kobratzen dituen pentsiodunak (erretiro pentsioaren batez bestekoa) 1.481 euro jasoko ditu 2025ean, 565 euro gehiago urtean.