Ekonomia -
Alemaniako multinazionala
Thyssenkruppek 11.000 lanpostu murriztuko ditu altzairuaren arloan, langileen % 40
Multinazionalak 27.000 behargin inguru ditu. Zehazki, siderurgia sektorean 2030era arte 5.000 bat langile kaleratzea eta beste 6.000 lanpostu kanpoko hornitzaileen esku uztea aurreikusten du konpainiak.
Agentziak | EITB Media
Thyssenkrupp Steel Europek bere estrategiaren berri eman du gaur eta, etorkizunera begira, datozen urteetan lanpostuen % 40 murriztea aurreikusi du, 2030era arte 5.000 langile inguru kaleratuz eta beste 6.000 lanpostu kanpoko hornitzaileen esku utziz.
Enpresak jakitera eman duenez, funtsezko neurrien aplikazioarekin batera "lanpostuen murrizketa nabarmena" eta langileekin lotutako kostuak murrizteko beste neurri batzuk hartuko dira.
Egitasmoan, arrazoi operatiboengatik kaleratzeak saihesteko helburuarekin, beharginen kostuak batez beste % 10 murriztuko dira datozen urteetan, eta, horrela, kostu lehiakorren mailara egokituko dira.
"Merkatuko baldintza berrietara egokituko gara, gaitasuna eta kostu espezifikoak murriztuz", azpimarratu du Dennis Grimm Thyssenkrupp Steel Europeko kontseilari delegatuak. Horretarako, beharrezkoa da ekoizpena eta prozesuak "optimizatzea eta arrazionalizatzea".
"Jakin badakigu bide honek jende ugariri asko eskatuko diola, batez ere datozen urteetan lanpostu asko ezabatu beharko ditugulako lehiakorragoak izateko", azaldu du buruzagiak.
Joan den astean, Thyssenkruppek iragarri zuen 1.400 milioi euroko galerak izan zituela urte amaieran, hau da, iazko 2.000 milioi euro inguruko 'zenbaki gorriak' % 30 murriztu zituela; baina bere aktiboen balioak 1.200 milioiko galera izan zuela onartu zuen, batez ere Europako siderurgia-negozioak (Steel Europe).
Iragan ostiralean, Bosch konpainiak iragarri zuen 5.500 langile kaleratuko dituela taldearen mugikortasun sektorean, ibilgailu elektrikoen eskari txikiak eta Txinaren lehiakortasunak Europako automobilgintzaren sektorearen krisia handitu dutelako.