Ekonomia -
OSASUN GARRAIOA
Bi enpresa berri arduratuko dira astelehen honetatik aurrera Arabako eta Bizkaiko anbulantzia zerbitzuaz
Zerbitzua orain arte eskaintzen zuen La Pau Kataluniako kooperatiba ordezkatuko dute Sanir eta Ambulancias Baztan Bidasoa enpresek osatutako aldi baterako enpresa-elkarteak eta Ambulancias Gipuzkoak.
EITB Media
La Pau konpainiak Araban eta Bizkaian osasun garraio-zerbitzua emateari utziko dio igande honetan, eta astelehenetik aurrera Sanir eta Ambulancias Baztan Bidasoa enpresek osatutako aldi baterako enpresa-elkarteak eta Ambulancias Gipuzkoak ordezkatuko dute.
Eusko Jaurlaritzak ohar bidez jakinarazi duenez, Osasun Sailak larrialdiko kontratazio prozedura baten bitartez izapidetu ditu anbulantzien zerbitzuak Bizkaian eta Araban (urgentziazkoak, konbentzionalak eta garraio kolektibokoak).
Sanir Movilidad Sanitaria eta Ambulancias Baztan Bidasoak osatutako aldi baterako enpresa-elkarteak Bizkanb markarekin emango du zerbitzua Bizkaian. Ambulancias Gipuzkoak, berriz, Gipuzkoan ez ezik Araban ere emango du zerbitzua, Araba Anbulantziak markarekin.
Horrela, La Pau konpainiak Araban eta Bizkaian osasun garraio-zerbitzua emateari utziko dio, atzemandako hutsegiteen ondorioz.
La Pau enpresari neurri administratiboak eta zigor ekonomikoak ezarri ondoren, urriaren 22an Osasun Sailak eta Kataluniako kooperatibak akordioa lortu zuten azaroaren 30a baino lehen "irteera ordenatua" egiteko.
Osasun-garraioa ez da etengo, hortaz, eta zerbitzua une oro egongo da bermatuta.