Ekonomia -

EAE-ko AURREKONTUAK

Aurrekontuen negoziazioa fase berri batean sartu da, EH Bildu eta PP mahaian direla

Sumarrek ez du akordiorik posible ikusten eta osoko zuzenketa aurkeztuko du. EH Bilduk eta PPk, aldiz, negoziatzen jarraitzeko borondatea erakutsi dute. Astelehenean helduko diete atzera bilerei.

Eusko Legebiltzarra. Argazkia: Legebiltzarra.
Eusko Legebiltzarra. Argazkia: Legebiltzarra.
Eusko Legebiltzarra. Argazkia: Legebiltzarra.

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

2025erako aurrekontuak EH Bildurekin eta PPrekin soilik negoziatzen jarraituko du Eusko Jaurlaritzak; izan ere, ostiral honetan Sumarrek elkarrizketekin ez jarraitzea eta osoko zuzenketa aurkeztea erabaki du.

Ostiral honetan amaitzen zen Noël d 'Anjou Ogasun eta Finantza sailburuak oposizioko alderdiei (Vox izan ezik, negoziazioetatik kanpo utzi baitzuen) eman zien epea, joan den asteazkenean izandako bigarren bileran bakoitzak egindako aurrekontu proposamenei erantzuteko.

EAJren eta PSE-EEren Eusko Jaurlaritzak gehiengo osoa du Legebiltzarrean, eta ez du babes gehigarririk behar kontuak onartzeko, baina behin baino gehiagotan adierazi du adostasun zabalagoa lortu nahi duela.

Jaurlaritzako iturrien esanetan, "Eusko Jaurlaritzak esparru zabala aurkeztu du lanean jarraitu ahal izateko" eta "Jaurlaritza babesten duten alderdietatik haratago, akordio bat Euskadirentzat positiboa dela uste" du.

Sumarreko ordezkariek osoko zuzenketa aurkeztuko dutela jakinarazi diote sailburuari, eta ez dute bilera gehiago egin beharrik ikusten. Talde horrek 755 milioiko zuzenketa sorta bat aurkeztu zuen, baina "akordio onargarri bat lortzea ezinezkoa" dela uste du eta, beraz, ez du Eusko Jaurlaritzarekin negoziatzen jarraituko.

EH Bilduk mahaian jarraitzen du, baina Jaurlaritzari eskatu dio argitu dezan norekin nahiago duen ituna, subiranistekin ala PPrekin, izan ere, Eusko Jaurlaritzak aurkeztu dien akordio proposamena PPri helarazi zaionaren "antzekoa" dela esan dute.

Halaber, datorren astelehenean Ogasun sailburuarekin izango dituzten harremanetan, Lanbide arteko Gutxieneko Soldata propio baterako eta Etxebizitza arloan dituzten eskaerei erantzun "zehatza" ematea espero du EH Bilduk.

Bestalde, Euskadiko PPk ere negoziatzen jarraituko duela adierazi dio Noël d 'Anjouren Sailari. Hori bai, Javier de Andres presidenteak Jaurlaritzari erantzun zehatzagoa eta "zifrak" eskatu dizkio.  

PPk bere eskakizunen proposamen "zehatzagoa" helarazi dio sailburuari ostiral honetan, eta kontraeskaintza bat espero du, ez baitu posible ikusten akordio batera iristea "filosofiaz soilik hitz eginez".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Eusko Jaurlaritza Alderdi politikoak Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak EAEko Aurrekontuak