Ekonomia -

Lana

EAEko Lan Ikuskaritzak irregulartasunak aurkitu ditu lanaldi partzialeko 10.331 kontratutan

Eskutitzak bidali ditu 5.310 enpresatara (enpresa-multzoaren % 9,3) eta, besteak beste, ohartarazi zaie kontratatutako lanaldiaren eta benetan egindakoaren arteko aldeak jakinarazi eta likidazio osagarriak sartu behar dituztela.

Langileak. Argazkia: EFE.
Langileak. Argazkia: EFE.
Langileak. Argazkia: EFE.

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskal Autonomia Erkidegoko Lan Ikuskaritzak ustezko irregulartasunak aurkitu ditu lanaldi partzialeko 10.331 kontrataziotan, eta jakinarazpenak bidali ditu 5.310 enpresatara, iruzur zantzuen berri emateko.

Gutun horietan enpresei ohartarazi zaie berehala jakinarazi behar dituztela datuen aldaketak, Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiari aitortutako partzialtasun koefizientea eta errealitatea bat ez badatoz; alegia, desegokitasunak egiaztatu diren egunetik aurrera kontratatutako denboraren eta benetan egindako lanaldiaren artean izan den tartea zehaztu behar dutela.

Horrez gainera, denbora tarte horren ondorioz izandako kotizazio aldeagatiko likidazio osagarriak sartu behar dituztela ohartarazi zaie.

Amaitzeko, lanaldia eta kotizazioa erregularizatzen ez badira, enpresei jakinarazi zaie berrikusi egingo direla eta dagokion lurraldeko Lan Ikuskaritzak ikuskatuko dituela.

Lurraldez lurralde begiratuta, Arabako 869 enpresatan jaso dute komunikazio hori. Lurralde horretan, 1.782 kontratu daude susmopean. Bizkaian, 2.833 enpresa ohartarazi dituzte 5.956 kontraturengatik. Azkenik, Gipuzkoan 1.608 enpresak egindako 2.593 kontratu daude susmopean.

Guztira, EAEko enpresen % 9,3k jaso dute ohartarazpena.

Eusko Jaurlaritzako Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailak prentsa ohar bidez jakinarazi duenez, Espainiako eta EAEko lan ikuskaritzek elkarlanean diharduten iruzurraren aurka borrokatzeko tresnaren bidez aurkitu dira irregulartasun horiek.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Jaurlaritza Lana Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak