Ekonomia -
Zergak
Cebekek iritzi du BGAE bultzatzeko erakundeentzako proposatu duten pizgarri fiskala eskasa dela
Foru ogasunek aurreratutakoan oinarrituta, ez dute uste zerga erreforma "sakona" izango denik, "berrikusketa hutsa" besterik ez delakoan daude.
agentziak | eitb media
Carolina Perez Toledo Cebek Bizkaiko patronalaren presidenteak uste du eskasa dela foru aldundiek borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakundeentzako iragarri duten pizgarri fiskala, eta azpimarratu du enpresariek "asmo handiagoko" proposamena espero zutela.
Perez de Toledok aldundiek iragarritako zerga erreforma izan du hizpide Cebekek egindako azken enpresa inkestaren datuen aurkezpenean, eta gogorarazi du ez dituela jasotzen patronalaren eskaera nagusiak: elkarteen gaineko zerga murriztea eta ondarearen gainekoa kentzea.
Inkesta horretan zerga presioa da enpresarien bigarren kezka nagusia, inoiz baino gehiago kezkatzen ditu fiskalitateak.
Bizkaiko enpresarien buruak adierazi duenez, foru ogasunek aurreratutakoan oinarrituta, ez dute uste zerga erreforma "sakona" izango denik, "berrikusketa hutsa" besterik ez delakoan daude.
Proposamena ekonomia sustatzeko hankamotz geratu ote den galdetuta, erantzun du horixe dirudiela, nahiz eta aitortu oraindik ez dutela erreforma oso-osorik ezagutzen.
Enpresaburuak gogorarazi du patronalaren eskaera behinenekoen artean elkarteen gaineko zerga % 17tik % 15era jaistea eta ondarearen gainekoa guztiz kentzea daudela.