Ekonomia -
Epaia
Botatzeko zen kroketa bat jateagatik kaleratu zuten, eta orain Justiziak arrazoia eman dio langileari
Mercadonaren arabera, langileak arau-hauste oso larria egin zuen eta horregatik erabaki zuen enpresak kanporatzea. Gaztela-Mantxako Justizia Auzitegi Nagusiak ebatzi du, ordea, kroketak ez zuela baliorik merkatuan, eta, hortaz, kaleratzea bidegabea izan zela.
AGENTZIAK | EITB Media
Zaborretara botatzeko zen kroketa bat jan zuen Mercadonako langile bate kaleratzea bidegabea izan zela ebatzi du Gaztela-Mantxako Justizia Auzitegi Nagusiak, besteak beste, bidegabeko jabetze deliturik eta irabazi asmorik egon ez zela iritzita.
EFEk eskuratu ahal izan duen urriaren 15eko sententzia baten arabera, Gaztela-Mantxako Justizia Auzitegi Nagusiko lan arloko aretoak atzera bota du Mercadonak Toledoko epaitegi batek emandako epaiaren kontra aurkeztutako helegitea.
Langileak Mercadonan lan egiten zuen, eta, 2023ko uztailaren 8an, bere lan-txanda amaitu eta denda itxita zegoela, zaborretara botatzeko zen kroketa bat hartu zuen apaletik eta jan egin zuen.
Beste langile batek gertaturikoa kontatu zion saltokiko koordinatzaileari, eta, egun gutxira, kroketa jan zuen langilea kaleratu egin zuten.
Mercadonaren arabera, langileak arau-hauste oso larria egin zuen, jakin baitzekien debekatuta dagoela ordaindu gabe dendako produktuak kontsumitzea.
Gaztela-Mantxako Justizia Auzitegi Nagusiak, ordea, arrazoia eman dio kaleratutako langileari, uste baitu botatzekoa zen kroketak ez zuela baliorik merkatuan.
Bestalde, bidegabeko jabetze deliturik ez zuela egin ondorioztatu du Gaztela-Mantxako Justizia Auzitegi Nagusiak.
Gauzak horrela, aurrez Toledoko epaitegiak emandako epaia berretsi du Justizia Auzitegi Nagusiak.