Ekonomia -
EAE-KO AURREKONTUAK
D'Anjouk ez du oposizioa akordiorako jarrerarekin ikusten, baina aurrekontuetarako babes bila jarraituko du
Ogasun eta Finantza sailburuak aurrekontuak negoziatzeko proposamena helaraziko die oposizioko alderdiei datorren asteko bigarren bilera errondan. Hala ere, EAJk eta PSE-EEk ez dute inoren babesik behar aurrekontu proiektua onartzeko, gehiengo osoa baitute Eusko Legebiltzarrean.
AGENTZIAK | EITB Media
Noel D'Anjou Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Finantza sailburua Sumar, PP eta EH Bildurekin elkartuko da datorren astean, aurrekontuetarako babes bila lortzeko egingo duen bigarren bilera errondaren baitan.
Lehen bilera errondaren balorazioa egin du gaur goizean Noël D'Anjou sailburuak, eta, horren esanetan, oposizioko taldeek aurrekontuen inguruan akordioa lortzeko "itxaropenik gabe" hartu dute parte bileretan.
D'Anjouk ez die aurrekontuen inguruko akordioa lortzeko jarrerarik ikusi aipaturiko hiru alderdiei, uste baitu aurkeztu dituzten proposamenak xehetasun eta garapen "gutxikoak" direla.
Ogasun eta Finantza sailburuaren iritziz, Sumar, PP eta EH Bilduren jarrera "normala" izan daiteke EAJk eta PSE-EEk gehiengo osoa dutela aintzat hartuta; izan ere, EAJk eta PSE-EEk ez dute inoren babesik behar aurrekontu proiektua onartzeko.
Edozein kasutan, akordioa lortzeko aukerak badaudela uste du, betiere, aurrekontu esparruaren eta Eusko Jaurlaritzaren eskumenen barruan.
Akordio aukerak aztertzeko asmoz, D'Anjouk beste eskaintza bat aurkeztuko die oposizioko taldeei datorren astean. Hala ere, ez du alderdiek egindako proposamenen eta eskaintza berriaren inguruko xehetasunik eman nahi izan, erakundearekiko eta alderdiekiko "errespetuagatik".