Ekonomia -

Garraio publikoa

2025ean garraio publikoak % 20ko deskontua izaten jarraitzearen alde egin du Eusko Legebiltzarrak

Gaur egungo % 50eko hobaria lortzeko, gainerako % 30a Espainiako Estatuak ordaintzen du.

Pertsona bat autobusaren zain, Gasteizen. Argazkia: EFE
Pertsona bat autobusaren zain, Gasteizen. Argazkia: EFE
Pertsona bat autobusaren zain, Gasteizen. Argazkia: EFE

Agentziak | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Legebiltzarrak 2025ean garraio publikoan % 20ko deskontua mantentzearen alde egin du, hori baita euskal administrazioek ordaintzen duten hobaria, Espainiako Estatuak gaur egungo deskontua % 50era arte egiteko esaten duenaren zain. Gainera, etorkizunean errentan oinarritutako deskontu-sistema progresibo bat egiteari buruz hausnartuko duela iragarri du.

EH Bilduko Amancay Villalbak eraman du Legebiltzarrera Euskal Autonomia Erkidegoko garraio publikoaren % 50eko deskontuak luzatzeko proposamena.

Gaur egun, % 50eko hobaria dago garraio publikoan: Estatuak % 30 ordaintzen du, eta euskal erakundeek gainerako % 20a. Baina Espainiako Gobernuak oraindik ez du argitu 2025erako berrituko duen, deskontuaren indarraldia abenduaren 31n amaitzen baita; hala ere, Oscar Puente Garraio ministroa laguntzetako batzuk mantentzeko prest agertu da.

Egoera horretan, EH Bilduk proposatu du Eusko Jaurlaritzak eta aldundiek % 50eko deskontua zabaltzea 2025ra. Gaur egun, euskal erakundeek finantzatzen duten % 20ko deskontuari eutsiko liokete eta, gainera, gainerako % 30a euren gain hartuko lukete Estatuak laguntza horiekin ez jarraitzea erabakiko balu.

EAJk eta PSE-EEk zuzenketa bat aurkeztu eta onartu egin dute garraio titulu pertsonalizatuetan eta abonuetan % 20ko hobaria mantentzearen alde. Hori horrela, gainerako % 30a Estatuak hala erabakitzen badu bakarrik mantenduko litzateke.

Bi taldeek gogoratu dutenez, pandemiaren ostean garraioan hobariak emateko erabakia hartu zenean, inflazioa ia % 8koa zen, eta herritarrei laguntzeko asmoz jarri zen martxan; orain, aldiz, inflazioa % 2an dago.

Hala eta guztiz ere, EAJk, PSE-EEk eta EH Bilduk bat egin dute eta proposatu dute etorkizunean errentan eta garraio publikoaren erabileran oinarritutako deskontu sistema behin betiko sistema progresiboa martxan jartzea.

Bere aldetik, PPk ez du deskontu finkorik proposatu, ohiko erabiltzaileentzako bonu eta deskontu progresiboen sistema baterantz aurrera egitea baizik, eta eskatu du garraio publikoko politikak hauspotu bai, baina ibilgailu pribatua zigortu gabe.

Sumarrek % 50ari eustearen alde egin du, beharrezkoa ¡zanez gero, Espainiako Gobernuak gaur egun egiten duen finantzaketa euskal erakundeek euren gain hartuta. Halaber, gaur egun garraio publikoan dauden deskontuak eta hobariak handitzearen alde agertu da, pixkanaka garraio publikoa doakoa izan dadin.

Nahiz eta gaur Eusko Legebiltzarrean % 20aren alde egin, ez dago jakiterik 2025ean deskontua zenbatekoa izango den, ez bakarrik Espainiako Estatuak oraindik ez duelako erabaki, baizik eta Gipuzkoako eta Arabako batzar nagusiek —ez, ordea, Bizkaikoek; bertakoetan EAJk eta PSE-EEk gehiengoa dute—  eskatu dutelako foru garraioan (autobusak) % 50eko deskontua mantentzea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaia Gipuzkoa Araba Eusko Legebiltzarra Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Garraio publikoa