Ekonomia -
INFLAZIOA
KPIak gora egin du urrian, eta urte arteko tasa % 2,3an geratu da EAEn, eta % 1,8an Nafarroan
Espainiako Estatuan ere urte arteko inflazioak koska bat gora egin du, % 1,8raino, argindarraren, gasaren eta erregaien garestitzeak eraginda.
O. A. | EITB Media
Kontsumorako Prezioen Indizeak (KPI) gora egin du urrian Hego Euskal Herrian, eta urte arteko tasa % 2,3an gelditu da Euskal Autonomia Erkidegoan eta % 1,8an Nafarroan, argindarraren, gasaren eta erregaien garestitzeak eraginda.
INE Espainiako Estatistika Institutuak gaur zabaldutako behin betiko datuen arabera, urte arteko tasak bost hamarren egin du gora EAEn —% 1,8etik % 2,3ra— eta zazpi hamarren —% 1,1etik % 1,8ra— Nafarroan.
Irailetik urrira, Kontsumorako Prezioen Indizea (KPI) sei hamarren igo da EAEn, eta puntu bat, Nafarroan.
Urtea hasi zenetik, prezioak % 2,8 garestitu dira EAEn, eta % 2,2 egin dute gora Nafarroan.
Gipuzkoak izan du urte arteko inflaziorik handiena urrian (% 2,4), Bizkaiaren (% 2,3) eta Arabaren (% 1,8) aurretik. Irailetik urrira, berriz, prezioak % 0,9 garestitu dira Gipuzkoan, % 0,6 Araban eta % 0,5 Bizkaian.
Espainiako Estatuko datuari dagokionez, urte arteko inflazioa hiru hamarren hazi da urrian, % 1,5etik % 1,8ra, gaur goizean INEk zabaldutako datuen arabera.
Elikagaien prezioen bilakaera ezberdina izan da Hego Euskal Herrian. EAEn urte arteko tasa hamarren bat murriztu da % 3,1eraino, eta Nafarroan, berriz, bi hamarren hazi da, % 2,4raino.
Azpiko inflazioa (energia eta elikagai freskoak kontuan hartzen ez dituena) hamarren bat jaitsi da urrian, % 2,5eraino. Hortaz, KPI orokorra baino zazpi hamarren handiagoa da.