Ekonomia -
Lan-istripu ez-traumatikoa
Garraiolari lesakar bat bihotzekoak jota hil da Irunen, kamioia kargatzen ari zela
LABek gogorarazi du, aurreko ekitaldiko ezbehar txostenaren arabera, lan-istripuen ondoriozko heriotzen % 33 ez-traumatikotzat jotzen direla, eta kopuru hori % 75era iristen dela garraiolarien kasuan.
Agentziak | EITB Media
Astelehenean, Irunen (Gipuzkoa), 56 urteko garraiolari lesakar bat, Transportes Etxetrans 2000 enpresako langilea, bihotzekoak jota hil zela gaur salatu du LABek. Ondorioz, sektore horretan hamaika behargin hil dira aurten Euskal Herrian, 2023an baino gehiago, hamar hildako izan baitziren.
Sindikatu abertzaleak gogorarazi duenez, joan den ekitaldiko ezbehar txostenaren arabera, lan-istripuek eragindako heriotzen % 33 ez-traumatikotzat jotzen dira, eta kopuru hori % 75era iristen da garraiolarien kasuan.
"Horrek adierazten du garraiolarien lan-baldintzek eragin zuzena dutela bihotzekoetan, sektorea gero eta prekarioagoa delako", adierazi du LABek, kamioilari nafarraren heriotza salatzeko deituko diren mobilizazioetan parte hartzeko deia eginez.
Prekarietatearekin eta patronalaren inpunitatearekin amaitzeko beharra nabarmendu du sindikatuak. "Erakundeek ezin dute beste aldera begiratzen jarraitu, bestela gertatutakoaren konplize izango dira", gaineratu du LABek.
Sindikatu abertzaleak azpimarratu duenez, garraio-sektoreko lan-baldintzak "oso eskasak dira: lanaldi luzeak, estresa, presioa, garraioagatik ordaintzen den prezio baxua, lan-baldintzen ondorioz osasuntsu elikatzeko zailtasunak, adinaren eragina".
Horregatik, "garraioaren sektorean gertatzen diren lan-istripu gehienak ekidin" daitezkeela uste du, eta horretarako "borondate politikoa baino ez da behar garraiolarien lan-eskubideak bermatu eta errespetatuko dituzten neurriak jartzeko, baita erakunde publiko eta enpresa guztien inplikazioa bermatzeko ere".