Ekonomia -
ARABAR ERRIOXA
Arabako lurretan ekoiztutako ardoa identikatzen duen A marka berria aurkeztu dute Bilbon
Arabako Mahastiak sor-markari EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak joan astean atea itxi ondoren, ABRA elkarteak gaur esan du oraindik ez dutela erabaki helegitea jarriko duten edo ez.
EITB MEDIA
Arabako Errioxako Upategien Elkarteak (ABRA gaztelerazko siglekin ezaguna) A marka aurkeztu du gaur Bilbon, Arabako lurretan ekoiztutako ardoa "identifikatzeko eta bereizteko". Upategi txikiak "egoera larrian" daudela azaldu dute aurkezpenean, eta "bizirauteko", halako ekimenak ezinbestekoak direla gehitu.
Elkartea osatzen duten 80 upategien arabera, mahatsaren prezioaren eta produkzio kostuaren gorakadaren ondorioz, sektorea "itota" dago. Salatu dutenez, "Errioxa izendapena upategi handiek" bere eginda daukate, eta "euren interesen arabera" erabiltzen dute. Horri aurre egiteko, A marka "Arabako lurretan landutako ardoa identifikatzen duen marka bat da, Arabako Errioxako upategi guztiei irekita, eta bertaratzen diren guztiek dastatu ahal izango dute".
Egoera aldatu ezean, ardogileen elkarteak beltz ikusten du etorkizuna, eta euren ardoak merkatura marka propio batekin eramatea beharrezko urratsa dela uste dute. Upategi handien estrategiek "txikien eta ertainen egoera larriagotu" baino ez dutela egiten erantsi dute. Herritarrei dei egin diete Araban ekoitzitako ardoa kontsumitu dezaten.
Bestalde, Arabako Mahastiak sor-markari EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak joan astean atea itxi ondoren, Itxaso Compañon ABRAko presidenteak gaur esan du oraindik ez dutela erabaki helegitea jarriko duten edo ez.