Ekonomia -
EPAIA
Errioxa Jatorri Deitura Kalifikatuaren Kontseilu Arautzailea, pozik 'Arabako Mahastiak' atzera botatzeagatik
Hala ere, prozesua duela 8 urte hasi zenetik Errioxako markari eta irudiari "kalte konponezina" egin diola esan du.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Errioxa Jatorri Deitura Kalifikatuaren Kontseilu Arautzailea pozik agertu da Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak Arabako Mahastiak Jatorri Deitura Babestua sortzeari uko egin diolako, baina Errioxako markaren "izen onari kalte egin" diotela deitoratu du.
Hala esan du ostiral honetan Jose Luis Lapuente organo horretako zuzendari nagusiak, Maria Angeles Nalda erakundearen abokatuarekin batera emandako prentsaurrekoan, eta horren edukia aztertu dute bertan; epaia azaroaren 5ekoa da, eta horren aurka helegitea aurkezteko aukera dago oraindik.
Ebazpenean, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak aintzat hartu du Errioxa Jatorri Deitura Kalifikatuaren helegitea, eta zehaztu duenez, "ez da justifikatzen Arabako Mahastiak sor-markak Arabako Errioxako ardoek ez bezalako existentzia izatea" eta "ardoaren nortasunari buruz kontsumitzailea nahasi lezake".
Epaia Errioxako deiturarentzat pozgarria bada ere, prozesua duela 8 urte hasi zenetik Errioxako markari eta irudiari "kalte konponezina" egin diola esan du Lapuentek.
Epaian jaso dutenez, "datu eztabaidaezina da Jatorri Deitura nabarmenena dela, eta, beraz, ospe edo marka balio handiagoa duela publiko orokorraren artean Errioxa Jatorri Deiturak", Errioxako, EAEko eta Nafarroako erkidegoek partekatzen dutena.