Ekonomia -
EAE-KO AURREKONTUAK
D'Anjou Sumar eta PPrekin bilduko da astelehenean eta EH Bildurekin asteartean, aurrekontuetarako babes bila
Ogasun eta Finantza sailburuak proposamen "zehatzak, bideragarriak eta errealistak" egiteko eskatu die taldeei. Ekarpenak jaso ondotik, Ogasun eta Finantza Sailak "proposamen zehatza" aurkeztuko die alderdiei aurrekontu proiektua negoziatzen jarraitzeko asmoz.
EITB Media
Noel D'Anjou Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Finantza sailburua Sumar eta PP alderdiekin elkartuko da datorren astelehenean, hilak 11, eta EH Bildurekin biharamunean, asteartean, aurrekontuetarako babes bila.
Eusko Legebiltzarreko kontrol saioan, D'Anjou sailburuak egoerak eskatzen duen mailan jarduteko eta proposamen "zehatzak, bideragarriak eta errealistak" egiteko eskatu die EH Bildu, PP eta Sumar alderdiei.
Ekarpenak jaso ondotik, Ogasun eta Finantza Sailak "proposamen zehatza" aurkeztuko die taldeei aurrekontu proiektua negoziatzen jarraitzeko asmoz.
"Gure helburua argia da: hitz egin eta akordioa zabaltzea", gaineratu du.
Eusko Jaurlaritza sostengatzen duten alderdiek (EAJ eta PSE-EE) 2025erako Aurrekontuak onartzeko gehiengoa dute Eusko Legebiltzarrean, baina oposizioko taldeak (Vox salbu) akordiora gehitzea nahi dute.
Pello Otxandiano EH Bilduko legebiltzarkideak akordioetarako eskua luzatu dio Imanol Pradales lehendakariari, eta politika publikoetan funtsezko aldaketak egin nahi baditu koalizio subiranista ondoan izango duela azpimarratu du. Otxandianoren esanetan, EH Bilduren akordiorako borondatea agerian gelditu da, eta Osasun Ituna jarri du horren adibide. Garaiak eskatzen dituen politika eraldatzaileak garatzeko bada, EH Bildu akordioetan parte hartzeko prest agertu da.
Eusko Jaurlaritzak aholkulari eta goi-kargudunen kopurua handitu izanaren alde egin du Pradales lehendakariak, uste baitu beharrezkoak direla Euskadik dituen erronkei erantzuteko eta Euskadira iritsiko diren eskumenak behar bezala kudeatzeko. Javier de Andres PPko legebiltzarkideak 2025eko aurrekontu-proiektuari buruzko galdera bat egin dio lehendakariari, eta dagoen horretan Eusko Jaurlaritzaren lehentasunei ezingo zaiela heldu salatu du.