Ekonomia -

ABSENTISMOA

ConfeBaskek eragileen arteko itun bat eskatu du "absentismoaren arazoari" aurre egiteko

'Euskadiko lan-absentismoa berrikustea eta aztertzea' goiburupean, patronalak mahainguru monografiko bat antolatu du Bibon. Besteak beste, Eusko Jaurlaritzako eta CCOO eta UGT sindikatuetako ordezkariek hartu dute parte.

Jornada sobre el absentismo laboral, hoy en Bilbao. Foto: EFE
Jornada sobre el absentismo laboral, hoy en Bilbao. Foto: EFE
Jornada sobre el absentismo laboral, hoy en Bilbao. Foto: EFE

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

2023an gaixotasunengatiko bajek eragindako lan absentismoaren tasa % 5,8koa izan zen Euskal Autonomia Erkidegoan, Espainiako Estatuko eta Europako indizearen gainetik. Batez ere, 55 urtetik gorako gizonezkoak izan ziren aipatutako arrazoia dela eta lanera joan ez zirenak.

Orkestra Lehiakortasunerako Euskal Institutuak eman ditu datuok, ConfeBaskek deituta, goizean, Bilbon, 'Euskadiko lan-absentismoa berrikustea eta aztertzea' goiburupean egin den mahainguruan. Hainbat eragilek hartu dute parte, horien artean, CCOO eta UGT sindikatuetako ordezkariek, eta baita Eusko Jaurlaritzakoek ere.

Bere hitzaldian, Tamara Yagüe ConfeBasken presidenteak eragileen arteko "itun bateratua" eskatu du, "absentismoaren arazoari" aurre egiteko. Esan duenez, "lan absentismoaren aldagaia erronka bat da gure enpresen produktibitaterako eta lehiakortasunerako". " Lehiakorrak eta denboran iraunkorrak diren enpresarik gabe, ez dago enplegu onik, ezta biltzeko zergarik ere", erantsi du. Hala, "guztion arteko konpromisoan, lankidetzan eta konfiantzan" oinarritutako akordioa aldarrikatu du.

Bere aldetik, Mikel Torres Eusko Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enpleguko sailburuak kontzeptuak ez nahastea eskatu du. Horren hitzetan, "ez dira zaku berean sartu behar", amatasun, aitatasun edota bestelako lan-baimenak eta absentismoa. Langileen bizi kalitatea hobetzeko "akordioak" eskatu ditu.

Bestalde, Osakidetzaren "gainbeherekin" lotu dute gaixotasun bajen iraupena luzatzea CCOO eta UGT sindikatuek. Halaber, Raul Arzak (UGT) eta Loli Garciak (CCOO) iritzi diote osasun arriskuen aurrean prebentzio planak falta direla. Langileen adina ere —% 40 inguruk 50 urte baino gehiago dituzte, eta % 25ek 55 baino gehiago—, kontuan hartu beharreko faktorea da, sindikatuon arabera, absentismoa aztertzerakoan.

Elkarretaratzea

The Artist hotelaren barruan mahaingurua egiten ari ziren bitartean, kanpoan elkarretaratzea egin dute LAB, ESK, Steilas, EHNE, Etxalde eta Hiru sindikatuek. Salatu dutenez, "ez dago benetako absentismo arazorik, lan osasuneko araudia errespetatzen ez duen patronala baizik".

Inko Iriarte LABen Lan Osasuneko arduradunaren arabera, "fake news kanpaina bat da" patronala absentismoaren inguruan zabaltzen ari den mezua. Azaldu duenez, "urteetan, enpresek eta euren mutualitateek hamaika neurri bultzatu dituzte absentismoaren aurka, hala nola baja arrunten kontrola mutualitateen esku uztea eta enpresa espezializatuak erabiltzea baja arrunten fiskalizazioa egiteko". Neurri horiek guztiek "absentismoak gora egitea" besterik ekarri ez dutela adierazi du Iriartek. "Enpresek badakite prebentzioa bermatuz gero, osasunerako egokiak diren lanpostuak sortuz gero, bajen kopurua modu nabarmenean jaitsiko litzakeela".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Jaurlaritza Confebask Lana Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak CCOO UGT